Zer plan astebururako Donostian?
Mirua taldea.Mirua Astebururako plan bila bazabiltza Donostian, gure agendan aurkituko duzu kultur eta aisialdi jarduera aukeraketa zabal bat, eta, horrez gain, egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizugu jarraian. Era berean, ez ahaztu Ibaetako jaiak ospatuko dituztela asteburu honetan, joan den igandean Aingeru Zaindariaren ermitako erromeria egin ostean; hemen daukazue egitaraua.
Ostiralean (hilak 6), Antzoki Zaharrera proposatzen dizugu, izan ere, Mirua euskal taldeak joko du, Gure Ahotsak egitasmoaren barruan. Kontzertua 19:30ean izango da, eta sarrerak hemen daude salgai.
Larunbatean (hilak 7), haurrak badituzu etxean, zuretzako proposamen aproposa: Itsas animaliak sortzen ikastaroa antolatu dute Euskal Itsas Museoan, 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzako, 11:30ean; hemen eman daiteke izena.
Igandean (hilak 8), asteburua ondo ixteko, Altxerri aretora joatea gomendatzen dizugu, Paul San Martin eta Alvaro Gaviria donostiarren blues kontzertua ikustera (20:00). Sarrerak han bertan egongo dira salgai, 5 euroan. Bide batez, bluesa gustuko baduzu, proposamen gehigarri bat opari: ostiralean, hilaren 6an, The Donkey Riders gipuzkoarrek euren disko berria aurkeztuko dute Altxerrin bertan, 20:00etan.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan bat ere proposatuko dizugu: ostegunean (hilak 12), mintzodromoa euskaraz aritzeko ariketa antolatu du Bagera Euskaltzaleen Elkarteak San Telmo museoan, 10:00etan. Izena eman behar da, mintzalaguna@bagera.eus helbidera idatzita.


