Aparkalekuak kentzea proposatu du Kalapiek, «ikuspena hobetzeko»
Txirrindularientzako bide bat.Kalapie Kalapie elkarteak oinezkoen eta txirrindularien pasabideetan aparkalekuak eta bestelako oztopoak kentzea proposatu du, “ikuspena eta segurtasuna hobetzeko”. Helburua da, hala, zirkulazioa “seguruagoa eta eraginkorragoa” bihurtzea.
Kalapiek erakutsitako estatistiken arabera, oinezkoen harrapaketa hiri inguruneetan gertatutako ezbeharrik hilgarriena da, oraindik ere; esan dutenez, istripu mota horrek lotura estua du pasabideetako ikuspen faltarekin: “Funtsezkoa da espazio publikoaren diseinua, erabiltzaile guztiek elkar behar bezala aurreikusteko aukera izan dezaten”.
Aipatu dute hainbat faktore direla ikuspena murrizten dutenak; hala nola bidegurutzetik gertuegi aparkatutako ibilgailuek, hondakinen edukiontziek, landarediak, publizitate panelek edo merkataritza postuek.
Hala, elkarteak udalei eskaera egin die pasabideen aurreko bost metroetako aparkalekuak eta bestelako oztopoak kentzeko, eta abiadura handiko kaleetan distantzia hori zazpi eta hamar metro bitartera handitzeko. Lehentasuna ematen diete, halaber, semafororik gabeko pasabideei, fluxu handiko bidegurutzei eta ikastetxe eta haurren inguruko espazioei.
