Faxistek matxismoaren existentzia ukatzen dutela salatu du Itaiak
Itaiak bere manifestazio propioa egin du, Martxoaren 8aren harira.Nagore Garmendia Emakume langileen borroka defendatzera atera dira kalera Itaia emakumeen antolakunde sozialistako kideak, gaur goizean, euren manifestazio propioan. Bulebarrean hasi dute manifestazioa, eta Parte Zaharra zeharkatu dute, oihu aldarrikatzaileez lagunduta.
Trinitate plazan egin dute irakurketa, eta garbia izan da beraien nahia: borroka iraultzaileari bultzada ematea. Adierazi dutenez, emakumeen zapalkuntzaren arduradunak “seinalatzeko” elkartu dira gaur eta mezu argia bidali diete erasotzaile eta faxistei: “Aurrean izango gaituzue”.
Salaketa zabala egin dute, eta horren guztiaren artean aipatu dute lan baldintzen egoera “penagarria”, zaintza zerbitzuen pribatizazioa edota emakume etorkinek bizi duten pobrezia: “Instituzioek interes ekonomikoak lehenesten jarraitzen dute”.
“Gezur eta buloen bitartez” faxistek matxismoaren existentzia ukatu dutela esplikatu dute, eta, hala, matxismoa “normalizatzen” ari dela.
