Olatu moreak zeharkatu du Donostia
Milaka lagunek manifestazioa egin dute gaur Donostian, Martxoaren 8aren harira, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta.
Antiguako tuneletik irten da Mugimendu Feministak antolatutako manifestazioa.Joseba Parron San Sebastian Milaka lagunek manifestazioa egin dute gaur Donostian, Martxoaren 8aren harira, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta. Mobilizazioa eguerdian abiatu da Antiguako tuneletik, eta mundu mailan nahiz Euskal Herrian emakumeek bizi dituzten zapalkuntzak salatzeko eta aldarrikapen feministak plazaratzeko balio izan du.
Manifestazioaren amaieran, Mugimendu Feministak irakurketa politikoa egin du. Bertan adierazi dutenez, aurten ere “gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak” nagusi diren testuinguruan iritsi da Martxoaren 8a, eta horregatik kalera ateratzeko “arrazoiak soberan” daudela azpimarratu dute.
Borroka feministaren eta antolakuntzaren garrantzia goraipatu dute, baita ere, eta esan dute feminismotik “beste mundu bat” eraiki nahi dutela. Horretarako, hala, “emakumeak, trans pertsonak eta bollerak kaleak hartzeko prest” daudela aldarrikatu dute.
Mugimendu Feministak Euskal Herriko beste hiriburuetan ere mobilizazioak deitu ditu gaur: Baionan, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon, baita herri eta auzo askotan ere.
Elkartasuna, mundu osoarekin
Halaber, elkartasuna helarazi diete munduko hainbat tokitan borrokan ari diren feministei ere, hala nola Palestinan, Venezuelan, Saharan eta Kurdistanen. Mugimendu Feministak borroka internazionalistaren garrantzia nabarmendu nahi izan du.
Irakurketan, sistemaren kritika zorrotza egin dute, “sistema kapitalista zisheteropatriarkal, kolonial eta arrazista” salatuz. Haien esanetan, “egitura horrek askotariko zapalkuntzak betikotzen ditu” eta desberdinkeriak areagotzen ari dira gaur egun. Horren ondorioak eguneroko errealitateetan ikus daitezkeela azaldu dute, besteak beste, etxebizitzarako sarbidean, lan prekarioetan edo eskubideen banaketan.
Ardura banaketa bat
Ohartarazi dute oraindik “lan handia” dagoela egiteko, eta ardura instituzioei, patronalari eta gizonei ere egotzi diete. “Urgentziaz diogu: hartu dagokizuen ardura”, adierazi dute.
Halaber, salatu dute zenbait eragilek feminismotik sortutako diskurtsoak bereganatzen dituztela “itxurakeriarako” edo bestelako agenda batzuk bultzatzeko, arrazakeria, kasu.
Eguneroko borroka
Mugimendu Feministak martxoan zehar izango diren hainbat mobilizaziotan parte hartzeko deia ere egin du: martxoaren 17ko greba orokorra, martxoaren 21eko arrazakeriaren aurkako eguna, martxoaren 30eko etxeko eta zaintza langileen eguna eta martxoaren 31ko trans ikusgarritasunaren eguna.
Hona hemen Joseba Parron San Sebastian argazkilariak egindako argazkiak:
