Isunak salatzeko manifestazioa egingo du AZGAk, hilaren 15ean
Udaletxe aurrean agerraldia egin zuten ostiral arratsaldean manifestaziora deitzeko.AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) lehengo astean idatzi baten bidez salatu zuen, hainbat kidek 800 euroko isunak jaso dituztela iazko maiatzeko udalbatzarrean izandako istiluen harira. Bertaratu ziren guztiek jaso dituzte isunak eta, beraz, guztira, 32.000 euroko zigorra jaso dute. Ostiral arratsaldean asanbladako kideek agerraldia egin zuten udaletxe aurrean, horren berri eman eta manifestaziora deitzeko. Igandean, hilak 15, mobilizazioa abiatuko dute Trinitate plazatik, jasotako isunak salatu eta Guardetxea auzoarentzat izan dadila aldarrikatzeko.
Iazko abenduan deitu zituzten deklaratzera sei gazte gertakari horien harira —deklaratzeari uko egin zioten—, eta fiskalaren zigor eskaeren zain daudela: “Aurreratu genuen moduan, espetxe zigor eskaerak espero ditugu”. Iazko Maiatzaren Lehenean okupatu zuten Guardetxea eta udalak eraikina husteko salaketa aurkeztu zuen. Horren aurrean, AZGAko hainbat kide udaletxera joan ziren maiatzeko udalbatzarrean, “udal gobernuari bilera bat eskatzeko”. Istiluak izan ziren udal batzar aretoan, ordea, eta kide bat atxilotu zuten udaltzainek, besteak beste.
AZGAren ustez, isunekin, “okupazioa ez ezik, elkartasuna ere zigortu nahi dute, AZGAren jardun politikoa oztopatu eta geldiarazteko”, eta nabarmendu dutenez, “errepresioaren aurrean elkartasuna antolatzen” jarraituko dute.
