Martxoaren 15ean egingo dute Udaberriko Lasterketa, 2.500 korrikalarirekin
Aurkeztu dute aurtengo Udaberriko Lasterketa.EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campusak eta Donostiarrak Kirol Elkarteak XXII. Udaberriko Lasterketa antolatu dute. Ekitaldia ostiralean aurkeztu zuten, eta bertan izan ziren Juana Goizueta EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Javier Fuentes lasterketako zuzendaria eta Donostiarrak Kirol Klubeko kidea, eta Maider Ugartemendia campuseko Ongizate eta Iraunkortasun zuzendaria.
Fuentesek azaldu duenez, Udaberriko Lasterketa “klasiko bat” bilakatzen ari da; azpimarratu du proba herrikoiak “une onean” daudela eta horren erakusgarri dela, aurten ere, parte hartzea handitu izana. Izan ere, dortsal guztiak agortu dira: hamar kilometroko proban 2.000 korrikalari ariko dira, eta bost kilometrokoan, 500.
Hilaren 15ean, igandean, egingo dute lasterketa: bost kilometroko proba 09:20etan hasiko da, eta hamar kilometrokoa, 09:30ean. Campusean hasi eta amaituko dira biak eta, gainera, ibilbide aldaketa bat izango dute (ez dira Parte Zaharrera sartuko).
Ikastetxeekin batera
0 dortsala eta ekarpen ekonomikoa ACABE Gipuzkoa elkarteari eman dizkiote, elikadura jokabidearen nahasmenduak dituzten pertsonei eta haien familiei laguntzeko; hala, dirua ikastetxeetan elikadura nahasmenduak dituzten nerabeei eta familiei laguntzeko prebentzio programara bideratuko dela azaldu du Yolanda Iglesias elkarteko psikologoak.
Bestalde, antolatzaileek 16 urtetik gorako gazteen artean kirola sustatzeko ekimenari eutsiko diote; izan ere, lasterketaren aldi honetan, hiriko sei ikastetxetako 260 ikasle inguruk hartuko dute parte.
