Auditz Akular eta Altza «defendatzeko» mobilizatuko dira igandean
Altzako Harria parkean egindako mobilizazio bat.Inaxio Esnaola Auditz Akularren defentsarako taldeak deituta, elkarretaratzea egingo dute igandean (hilak 15) Harria parkean, Auditz Akular berdegunea eta Altza bera “defendatzeko”. 12:30ean izango da mobilizazioa, Auditz Akular maitatu lelopean. Altzako norbanako eta eragile ugarik ez ezik, Donostiako gizarte eragile ugarik ere bat egin dute mobilizazioarekin; behean daukazue zerrenda osoa.
Bertan, Auditz Akular eta Altza defendatzeko manifestua aurkeztuko dute jendaurrean. Hain zuzen ere, gogoratu behar da Auditz Akularren 3.000 bat etxebizitza eraikitzeko asmoa duela Donostiako Udalak, eta horrek auzoa are gehiago “masifikatuko” duela eta egun Altzak dituen beharrei erantzuten ez diela iritzita, eremua babesteko “bost arrazoi” plazaratuko dituzte, manifestuaren bidez.
Hauek dira mobilizazioarekin bat egin duten eragileak: Altza Herri Ikastetxea, Altzako herri kirol taldea, Altzako Historia Mintegia, Altza XXI Herri Ekimena, Altzagainako jai batzordea, Altzako institutua, Altzania Kultur Elkartea, Artiako Lagunak, Basajaun Elkartea, Baserritar Bilgunea, Baso Biziak Plataforma, Bizarrain euskara taldea, Bizilagunekin plataforma, Buenavistako auzo elkartea, Egia Bizirik auzo elkartea, Eguzki talde ekologista, Ekologistak Martxan taldea, Elkartasuna auzo elkartea, Etxalde baserritar mugimendua, Gure Bidea elkartea, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Herrerako jai batzordea, Herrerako Mozkor Frentekideok taldea, Herripe auzo elkartea, Hondarpe Groseko auzo elkartea, IZBE Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea, Lantxabe Aieteko bizilagunen elkartea, Larratxoko jai batzordea, Lodabe auzo elkartea, Manteo Bizirik plataforma, Mundu Bakean taldea, Osteguna auzo elkartea, Parkea Bizirik elkartea, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Plazandreok elkarte feminista, Satorralaia plataforma, Uliako auzo elkartea eta Uliazpi Kultur Elkartea.



