Basoen Nazioarteko Eguna ospatzeko jarduerak antolatu ditu BSTK Fundazioak
Artikutzako basoa. Aurten ere, Basoen Nazioarteko eguna ospatuko du Basotik Fundazioak; hala, zenbait jarduera antolatu dituzte, martxoaren 14tik 21era bitartean, naturarekiko lotura indartzeko eta basoen kudeaketa jasangarriaren garrantzia zabaltzeko helburuarekin.
Lehenengo ekimena hilaren 14an izango da: Baso-bainuak–Zentzumenak ireki. Jarduera hori Forest Therapy Hub-eko hezitzaileek gidatuko dute eta Aieteko Kultur Etxean elkartuko dira. Parte hartzaileek naturan denbora igarotzeak gorputzean eta buruan dituen onurak ezagutuko dituzte saioan; besteak beste, estresa murriztea, sistema immunologikoa indartzea eta ongizate orokorra hobetzea. Jarduera doakoa izango da, baina plaza kopurua mugatua da (gehienez, 25 lagun), eta izena ematea beharrezkoa izango da.
Bestalde, hilaren 18an, Desioen Basoaren landaketa izeneko jarduera egingo dute, Basotik Basoan. Parte hartzaileek zuhaitzak landatuko dituzte beren desioekin batera. Jarduerak, gainera, basoen kudeaketa jasangarriaren garrantziaz kontzientzia piztea du xede. 60 pertsonak parte hartu ahal izango dute eta gonbidapen bidez izango da sarbidea.
Azkenik, hilaren 14tik 21era bitartean, #ForestDay argazki lehiaketa egingo dute sare sozialetan, Nire basoa eta bere ekonomia ikusezina izenburupean. Parte hartu nahi dutenek beren argazkia sare sozialetara igo beharko dute, #ForestDay traola gehitu eta Basotik Fundazioa etiketatuz. Hautatutako argazkiak FAOri bidaliko zaizkio, mundu mailako galeria batean parte hartzeko aukerarekin.


