Finalerako 25.680 sarrera eta zaleen gunea La Cartuja estadioaren ondoan
Gaur goizean, Sevillan apirilaren 18an jokatuko den Espainiako Kopako finala antolatzeko bilera egin dute Madrilen, Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan. Han izan dira Jokin Aperribai Realeko presidentea, Miguel Angel Gil Atletico Madrileko kontseilari ordezkaria eta Rafael Louzan federazioko presidentea.
Guztira, 52.000 sarrera baino gehiago —edukieraren %80 inguru eskainiko dizkie federazioak finalera iritsi diren klubei. Bakoitzak La Cartujan jokatuko den finalerako 25.680 sarrera orokor jasoko ditu. Horiei VIP kategoriako sarrerak ere gehitu behar dira, eta baita gurpil aulkian doazen dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat eta haiekin doazen laguntzaileentzat kupo bat zehaztuz ere.
Partidaren aurretik, Realaren eta Atletico Madrileen zaleen guneez hitz egin dute. Txuri-urdinena Carlos III.a hiribidean jarriko dute, La Cartuja estadioaren geltoki ondoan izango da. Madrildarrena, berriz, Las Moreras aparkalekuan izango da, Alamillo parkearen alboan.
Kluben antzinatasuna kontuan hartuta, talde zaharrena, Atletico Madril izango da etxeko taldea, eta Reala bisitaria.


