Komunikazioa nola eraldatu den aztertuko dute Nortasuna Sarean jardunaldian
Aurreko jardunaldi bateko irudia.TaPuntu TaPuntu Kooperatiba txikiak urtero antolatzen duen Nortasuna Sarean jardunaldia bihar, hilak 11, aurrera egingo dute San Telmo museoan, 18:00etatik 20:00etara bitartean. 11. saioan, Zer berri? Egungo komunikazio era(k) gaia izango dute hizpide, eta bertan, zenbait galderari helduko diote: nola aldatu da komunikazioa azken urteetan? Zein bilakaera izan dute hedabide tradizionalek? Nola eragin du komunikazio agentzien lan egiteko moduan? Eta komunikazio estrategietan?
Horri guztiari erantzuten saiatuko dira Maialen Odriozola Martija, Sorland agentziako komunikazio aholkularia; Xabi Igoa Eriz, Mondragon Unibertsitateko komunikazio irakaslea; Ainhoa Etxebeste Arruabarrena kazetari eta podkasten koordinatzailea; eta Itziar Lamarka Arrizabalaga, Mitoaroa eta Zeidfest proiektuen komunikazio arduraduna.
Lehenik, hitzaldi bana emango dute, eta ondoren, elkarrekin mintzatuko dira mahai inguru batean. Odriozola Martijak Marka bat logorik gabe: sinbolotik harago doan komunikazioa hitzaldian komunikazio agentzietan lan egiteko moduak eta bertara iristen diren eskaerak nola aldatu diren azalduko du, horrek komunikazio estrategietan izandako eraginarekin batera. Igoa Erizek, berriz, komunikazioan azken urteotan bizitzako eraldaketa aztertuko du, mugarri nagusiak eta egungo egoerara nola iritsi garen zehaztuz, Komunikazioaren (er)aldaketak: erretrobisoretik aurrera begira hitzaldian. Bestalde, Etxebeste Arruabarrenak Irratitik podkastera izenburupean egungo ohiturek eta teknologia berriek irratia kontsumitzeko modua nola aldatu duten argituko du. Azkenik, Lamarka Arrizabalagak proiektuekiko interesa nola piztu eta mantendu landuko du.
Izen ematea doakoa da eta nortasunasarean.eus webgunearen bidez egin behar da.


