La Sallek uko egin dio Ezkiagaren auziko erreparazio kolektiboari, Arartekoak salatu duenez
Donostiako La Salle ikastetxea, Loiola auzoan.La Salle La Salle kongregazioak uko egin dio Patxi Ezkiaga Lasa (1943-2018) irakaslearen sexu abusuen biktimek eskatutako erreparazio kolektiboari, Arartekoak salatu duenez. Zehazki, bi ziren biktimek Donostiako La Salle ikastetxeari egindako eskaerak: ohar bat argitaratzeko Ezkiagaren sexu abusuak gaitzesteko —eskolaren webgunean betirako argitaratuta geratzeko baldintzarekin— eta ekitaldi publiko bat antolatzeko kongregazioaren Loiolako ikastetxean, kaltea aitortzeko.
Arartekoak egin ditu biktimen eta La Salleren arteko bitartekaritza lanak, eta astearte honetan argitaratutako oharrean ondorioztatu dutenez, kongregazioak uko egin die eskaerei. Hain zuzen ere, “erreparazio neurri indibidualak” hartzeko prest baino ez da agertu La Salle, Euskal Autonomia Erkidegoko herriaren defendatzailearen arabera.
Lekukotza ugari
El País egunkariaren ikerketa handi batean atera ziren Loiolako ikastetxeko lehen kasuak. Marisol Zamora izan zen bere kasua publikoki azaleratu zuen lehena, 2024an, eta, geroztik, biktimen kopuruak gora egin zuen; hain zuzen ere, 26 testigantza daude jasota gaur egun.
Kasu horiek guztiak, salatzaileen arabera, 1974 eta 1996 urteen artean gertatutakoak dira. 8 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeek jasan zituzten abusuak, irakasleak eskolan bertan zuen logelan edo Izaban antolatzen zituen udalekuetan. Zamoraren lehenengo salaketa horrek oihartzun handia izan zuen; alde batetik, bai sexu abusuengatik, eta, bestetik, Ezkiaga pertsonaia publikoa zelako, idazle gisa ezaguna.


