Txara I zentroa eraberritzeko lanekin hasi dira
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, joan den ostiralean, Intxaurrondoko Txara I zentroan.Gipuzkoako Foru Aldundia Intxaurrondoko Txara I adinekoentzako zentroan eraberritzeko lanak atzo (hilak 9) abiatu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak pasa den ostiralean emandako prentsaurrekoan azaldu zutenez, “pertsona erdigunean jartzen duen eta komunitatera irekita dagoen zainketa eredu berri bat eraikitzeko aldundiaren estrategiaren baitan” egiten ari dira lanak: “Eredu horren oinarri dira ingurune etxekoagoak, bizikidetza unitate txikiagoak, bizi proiektuekiko errespetua eta zentroak komunitatean integratzea”.
Lanak amaitzen direnean, diputatu nagusiaren arabera, Txara I egoitzak “instalazio berrituak izango ditu, eta lurraldean zaintzaren arloan gertatzen ari den eraldaketaren adibide aurreratua izango da”. Lanak egiteko aurreikuspena 24 hilabetekoa da, eta inbertsioa 22 milioi eurokoa.
Eraldaketaren nondik norakoak
Eraikinaren fatxada 2017an berritu zuten, baina eraikina 1997koa da. Esku hartzea hasi aurretik, 115 egoitza plaza eta Psikogeriatria Unitateko (UPSI) hamabost plaza zeuden Lanak amaitzen dituztenean, zentroak 136 plaza izango ditu, “arreta pertsonalizatuaren, tamaina txikiagoko bizikidetza inguruneen eta arkitektura eta ingurumen kalitate handiagoko inguruneen printzipioen arabera konfiguratuta”, aldundiaren arabera.
Bizitegi solairuetan, eraikina antolatuko dute tamaina eta eskala txikiagoko moduluetan, 10-11 pertsonako bizikidetza unitateekin. Logelei dagokienez, 102 gela indibidual egongo dira, hamahiru metro koadroko ingurukoak, bost metro koadroko bainugela propioarekin. Halaber, hemeretzi metro koadroko hamazazpi gela bikoitz izango ditu zentroak.


