Amara Berriko San Jose parrokia itxiko dute laster
Amara Berriko San Jose parrokia.Donostiako Elizbarrutia Donostiako Elizbarrutiko bikario jeneral Mikel Arangurenek Amara Berriko San Jose parrokiako eliztarrei berriki jakinarazi die udan itxiko dutela parrokia, inbertsio funts batek eraikina erosi ostean, hainbat hedabidek argitaratutako informazioaren arabera.
IRUTXULOKO HITZAk baieztatu ahal izan duenez, itxierarena gauza jakina da auzoko bizilagun askoren artean. Elizbarrutiko iturriek hedabide honi azaldu diotenez, hala ere, oraindik ez dute gaiaren inguruko “informazio ofizialik”, beraz, ez dute itxieraren inguruko nondik norakorik eman.
Karmelo ikastetxearen itxiera
Scientia Karmelo ikastetxea zegoen eraikin berean dago San Jose parrokia, eta hezkuntza zentroaren itxierarekin lotuta dago parrokiarena. Hain zuzen ere, 2024an iragarri zuten ikastetxea itxiko zutela, baita ikasturte horren amaieran itxi ere; tartean, langileek greba egun, lanuzte eta mobilizazio ugari egin zituzten. Horrela, 2025ean, Pryconsa higiezin sustatzaileak erosi zuen eraikina eta hori da, gaur egun, gunearen jabea.


