Etxeratek jakinarazi duenez, Arkaitz Agote Cillero Donostiako preso politikoa baldintzapean aske geratu da, Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez. Hemeretzi urte zeramatzan preso. 2021eko azaroan hirugarren gradua ezarri zioten, eta geroztik baliabide telematikoen bidez bete du bere zigorra.
Guardia Zibilaren sarekada batean atxilotu zuten Agote, 2007ko martxoan. Orduan, atxilotuek tratu txarrak salatu zituzten. Donostiarrak sorbaldan jo eta hautsi ziotela adierazi zuen, eta etengabe mehatxuak jasan zituela.
2010ean 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta Alboloteko (Granada) espetxean sartu zuten. Huelvan ere izan zen, eta bisita batetik bueltan senide batek istripua izan zuen 2012ko urtarrilean. Hainbat urtez Andaluziako kartzeletan egon ondoren, 2020ko urrian El Duesoko (Kantabria) espetxera hurbildu zuten, eta hilabete batzuk geroago, 2021eko ekainean, Martutenera eramango zutela iragarri zuten.