EH Bilduk etxebizitzak eraikitzea proposatu du Miramongo parke teknologikoan eta Igarako enpresa poloan
EH Bilduko zinegotzian agerraldia, Miramonen.EH Bildu “Beste etxebizitza politika batzuk beharrezkoak dira donostiarren arazo nagusiari erantzuna emateko”, adierazi du Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak, Miramonen egindako agerraldi batean. “Etxebizitzaren arloko politikak ez ezik, hiriari begiratzeko modua ere aldatu behar dugu. Helburua barrurantz haztea da, lurzoru gehiago okupatu beharrik gabe eta degradatutako eremuek duten potentziala aprobetxatuz”, gaineratu du.
Izagirrek Garbiñe Alkiza eta Ricarco Burutaren zinegotziekin batera agertu da hedabideen aurrean. Etxebizitza arloko EH Bilduren proposamenetan sakondu du bozeramaileak: “Donostia orekatu batean pentsatuz egin behar dugu hiria, eremu jakin batzuetan dauden gabeziak murrizteko lan egin behar dugu, eta auzo bat bizia eta bizigarria izateko behar diren ekipamenduak eta zerbitzuak bermatu behar ditugu”.
Erabilera mistoak sustatu behar direla uste du EH Bilduk. Hau da, jarduera ekonomikoak bizitokietara eramatea eta etxebizitzak eraikitzea enpresa guneetan eta gune teknologikoetan. “Miramongo parke teknologikoa adibide ona da. Igarako enpresa poloan antzera, benetako aukerak daude Miramonen erabilera mistoa sustatzeko”, nabarmendu du Izagirrek. Ingurune horietan eraikitzeak “alderdi positiboak” dituela esan du: “Operazioaren kostuak merkatzen dituzte, beharrezkoak diren oinarrizko azpiegitura eta zerbitzu asko dagoeneko existitzen direlako. Ingurumen ikuspegik, gainera, jasangarriagoa da, lurzoru gehiago ez okupatzean berdeguneak errespetatzen direlako”.
Horretarako, erakunde eta entitate hainbaten arteko lankidetza “ezinbestekoa” dela esan du bozeramaileak: “Kutxa Espazioaren inguru hauek aukera interesgarriak daudela gogorarazten digute, eta EH Bildutik aukera horiek kontuan hartzea eskatzen dugu. Jakina da Kutxa Espazioa tokitik lekualdatzera doala, eta, hain zuzen ere, adibide ona da eskatzen dugun lankidetza aldarrikatzeko”.
Eredu gisa jarri du Kutxa Fundazioak Egiako Aldakonea lursailerako hartu berri duen erabakia. “Kutxak gizarte gaien alde lan egiteko eta bere ondareari errentagarritasuna ateratzeko dituen interesek eta Donostiaren interes sozialek, hala nola etxebizitzak, bat egin dezakete hemen eta Aldakoenearen antzeko eragiketa bat egin”, nabarmendu du Izagirrek.


