EHUP! Jaia egingo dute Ibaetako campusean apirilaren 24an
EHUP! Jaiaren aurkezpeneko irudi bat.EHU EHUP! Jaia aurrera eramango dute apirilaren 24an Ibaetako campusean. Egitasmoaren helburua “EHUko kide izatearen harrotasuna aldarrikatzea eta parte izate sentimendua handitzea da”. Edonola, unibertsitatearen eta gizartearen arteko topaleku izan dadin, aurten, atari zabalean gauzatuko dute eta edonor izango da ongietorria.
Unamuno plazan, campuseko berdegunea, izango da festaren erdigunea. Bertan, hiru txosna eta zapiak, kamisetak eta edalontziak erosteko postu bat jarriko dituzte. 12:00etan ekingo diote festari, txupinazoa eta EHU abesnatzaren saioarekin; eta 22:00etara arte luzatuko dute jardueraz betetako eguna.
Goizean, Ondoezik elektro txaranga ibiliko da gunean, ping pong eta herri kirol txapelketak egingo dituzte eta parte hartu nahi dutenen artean, horma irudi kolektiboa margotuko dute. 13:30ean, unibazkariaren txanda izango da, eta ondoren, bingo musikatua, Brillet taldearen kontzertua, mus txapelketa eta Iratzar Erromeriaren saioa etorriko dira. Halaber, Distrito Bizkaia tunak girotuko du arratsaldea. Jaia amaitzeko, Fresa Morango taldearen emanaldia antolatu dute.
EHUP! Jaia ospatzen duten bigarren urtea izango da. Iaz Bizkaiko campusean aurrera eraman zuten, eta datorren urtean Arabakoan egingo dute.


