Ezkiagaren abusuak isilaraztea eta ezkutatzea egotzi diote ikasle ohi batzuek La Salleri
Salatu dute Donostiako eskolak bazuela sexu abusuen berri, biktimen lekukotzei ez diela sinesgarritasunik eman eta luzamenduetan dabilela, "auzi hau guztia lurpean ezkutatu dadin".
Loiolako La Salle ikastetxea, artxiboko irudi batean.Teusa Ikasgelan ikusten zuten Patxi Ezkiagak batez ere neskak ateratzen zituela arbelera. Ia beti berberak. Altzoan eserarazten zituela. Ukituak egiten zizkiela, disimulurik gabe. Baina Marisol Zamorak 2024ko maiatzean Ezkiagaren sexu abusuak salatu izanak Donostiako La Salle ikastetxeko ikasle ohiak astindu zituen. Ezkiagaren abusuen biktima gehiago ere atera ziren. Ikasle ohi gehienek orduan jakin zuten irakasleak ikaskide horiei izugarrikeriak egiten zizkiela ikasgelatik kanpo.
Ikasle ohi batzuk, Ezkiagaren erasoen berri izan eta hilabete batzuetara, harremanetan jartzen eta antolatzen hasi ziren. Manifestu bat sortu zuten, haien ezinegona plazaratzeko, biktimak babesteko eta eskolari exijitzeko haiek ikasle izan ziren urteetan gertatu zen guztia argitzeko.
Ezkiagak hainbat urtez egin zituen erasoengatik norbaitek erantzun behar dutela uste dute, eskolak bazuelako erasoen berri: “Besteak beste, orduko La Salleko bi zuzendarik bazekiten, gure lau ikaskide ohi eta biktimak aurrez aurre salatu zituztelako, hain zuzen 1991, 1995 eta 1996. urteetan”.
Albiste hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker; osorik irakurtzeko, Berria-ren webgunera jo dezakezue.


