Greba orokorreko Donostiako mobilizazioak iragarri dituzte sindikatuek
Donostiako azken manifestazio jendetsuenetako baten artxiboko irudia.Joseba Parron San Sebastian Heltzear da martxoaren 17a, eta Hego Euskal Herrian, greba orokorrera deitu dute egun horretarako ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek, 1.500 euroko Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren alde. Horrela, dagoeneko iragarri dituzte egun horretan egingo dituzten mobilizazio nagusiak.
Donostian, 12:30ean egingo dute eguneko manifestazio nagusia, sindikatuek deituta. Amara Berriko Pio XIIaren plazatik abiatuko da, 12:30ean, eta Bulebarrean bukatuko da; bertan egingo dute ekitaldi nagusia. Aurretik, ordea, manifestaziora batzen joango diren hiru zutabek zeharkatuko dituzte hiriko kaleak, 11:30ean abiatuta: bat Anoeta estadiotik aterako da, beste bat Norteko geltokitik eta beste bat Antiguako tuneletik. Horrez gain, goizean, pikete informatiboak egingo dituzte: Miramonen eta Erdialdean.
Horrez gain, arratsaldean, grebarekin bat egin duten hainbat gizarte eragilek antolatutako manifestazioa egingo dute: 18:00etan, Groseko Katalunia plazatik abiatuta. Hain zuzen ere, eragileek agerraldia egin zuten asteartean, mobilizazio horren berri emateko.




