Monzon-Ganuza saria jaso du Miguel Castellsek
Miguel Castellsek Bergaran jaso zuen Monzon-Ganuza saria.Bergarako Udala Aurreikusita zegoen moduan, Miguel Castells Artetxe abokatuak (Busturia, Bizkaia, 1931) astearte arratsaldean jaso zuen Monzon-Ganuza saria, Bergarako seminarioan. Busturiarra jaiotzez, Donostian bizi da Castells, duela urte asko.
Sariak, Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak antolatuta, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza omentzen ditu, “askatasunaren aldeko borrokan elkarrekin egin zuten ibilbideagatik”. Horrela, Castellsi buruz, zera nabarmendu dute: “Bere lana eta bere ahalegin guztia ahulen alde jarriko zuela erabaki zuen euskal herritar utopikoa da”. Besteak beste, 1970ean Burgosko Prozesuan auzipetutako hamasei pertsonen abokatuetako bat izan zen Castells, baita Herri Batasuna alderdiarekin senatari eta legebiltzarkide izan ere.
Saria jasotzean, Castellsek esker oneko hitzak eskaini zizkien bere belaunaldiko eta ondorengo belaunaldietako abokatuei: “Sentitzen dut saria jaso dudala 1950eko hamarkadaren amaieratik aurrera Euskal Herrian motibazio politikoko akusatuak Euskadin defendatzeko konpromisoa hartu genuen abokatuen erreferente edo kide izateagatik. Sari hau ez dut bakarrik jasotzen. Tortura salatzeagatik epaituak izan zirenak, kartzelan egon zirenak eta gaur egun oraindik ere lanean jarraitzen dutenak dira benetako protagonistak. Txaloa guztientzat”.


