Comexsoft enpresa donostiarrak jaso du EAEko Emprende XXI saria
Asteazkenean Donostian egindako Emprende XXI sari banaketako irudi bat.Eusko Jaurlaritza ComexSoft startup donostiarra aitortu dute Emprende XXI sarietan, EAEko “potentzial eta eragin handiena” duen enpresa berritzaile gisa. CaixaBankek eta Espainiako Industria eta Turismo Ministerioak bultzatutako lehiaketa da, Eusko Jaurlaritzaren eta BIC Gipuzkoaren babesarekin. Sari banaketa ekitaldia asteazkenean, hilak 11, gauzatu zuten Donostian eta aurkeztutako 56 proiektuan artean aukeratu zuten donostiarra.
Zuatzun egoitza duen egitasmoak sistema neuro sinbolikoan oinarritutako tresna bat garatu du, datuak kuantitatiboki eta kualitatiboki denbora errealean prozesatzeko gai dena. Horrek “erabaki estrategiko proaktiboak” hartzea ahalbidetzen die kontsumo handiko fabrikatzaileei eta banatzaileei, “adimen lehiakorraren bidez, lehiakideei eta merkatuari buruzko datuak baliatuta” azaldu dute CaixaBanketik.
6.000 euroko diru sariaz gain, Berlinen aurrera eramango den nazioarteko laguntza programa baterako sarbidea ere izango du, hainbat prestakuntza jaso eta nazioarteko bazkideekin lotura erraztuz. Halaber, Investors Day EmprendeXXI jardunaldietan parte hartzeko aukera ere izango du.
19. aldi honetan, teknologiaren bidez balioa sortu, pertsonen bizitza hobetu eta irtenbide teknologikoekin planeta zaintzen duten proiektuak atzeman eta aitortu dituzte. Gainerako lau finalisten artean, beste donostiar bat ere badago: Zenit Solar. Komunitate energetikoen eta autokontsumo kolektibo adimendunen lehen marketplace-a sortu du, haien sorrera eta kudeaketa arintzeko softwarearekin.
