GOE eraikinaren inguruko gaueko lanak «abisatu gabe» egin dituztela salatu dute bizilagunek
GOE eraikinaren inguruko egun hauetako lanak, gauez.IRUTXULOKO HITZA Basque Culinary Centerren Gastronomy Open Ecosystem (GOE) eraikina funtzionamenduan badago ere, inguruko lanak ez dituzte bukatu oraindik, eta, hain zuzen ere, gauez aritu dira bertan lan egiten bart. Hainbat bizilagunek salatu dutenez, ordea, ez dute gaueko lan horien inguruko jakinarazpen ofizialik jaso, lanak oso zaratatsuak izan badira ere, goiko bideoan ikus eta entzun daitekeenez. Duela urtebete inguru, antzeko salaketa publikoa egin zuten bizilagunek.
IRUTXULOKO HITZAk bizilagunetako baten salaketa jaso du: “Urte baten ondoren, denak berdin jarraitzen du. Amenabar berriz ere nahi bezala ibiltzen da, lanak gauez egiten, bizilagunei abisatu gabe. Duela urtebete, bizilagunok egoera bera salatu genuen, eta, kasualitatez, ez zuten lizentziarik lanak egin zituzten egunetarako, beste egun batzuetarako zuten; hala ere, ez zen ezer gertatu. Bizilagunei jakinarazteko eskatu genuen eta hitz onak izan ziren, baina gaur, berriro, gauza bera egin dute”.
Udal gobernuaren jarrera kritikatu du bizilagunak, baita ere: “Goiarekin gertatzen zen bezala, Insaustirekin ere Donostian nahi dutena egiten jarraitzen dute Amenabarrek eta bestelakoek, bizilagunak kontuan hartu gabe eta bizilagunen gainetik. Non dago atsedenerako eskubidea? Non daude Culinaryk, Amenabarrek edo udal gobernuak hainbeste goraipatzen zuten elkarbizitza eta enpatia? Hau lotsagarria da!”.
