La Sallek barkamena berretsi eta «hezkuntza ingurune segurua» indartzeko konpromisoa adierazi du
Loiolako La salle ikastetxea. La Salle Ikastetxeak ohar bat bidali die familiei, aste honetan zabaldu den Arartekoaren txostenaren harira; bertan, ikasle ohi batzuek salatu dute Patxi Ezkiaga irakasle ohiaren ustezko abusuak isilarazi eta ezkutatu egin zirela.
Ikastetxeak adierazi duenez, “gardentasunarekin eta kaltetutako pertsona guztiekiko errespetuarekin” jokatzeko konpromisoa berretsi nahi du, eta “zeharo atsekabetuta” dago biktimek jasandako minagatik. Era berean, berriro barkamena eskatu die biktimei iraganean gertatutakoagatik, eta nabarmendu du prest dagoela haiek entzuteko eta laguntza eskaintzeko.
Kasua, aztertuta
Oharrean gogorarazi dutenez, Ezkiaga ikastetxeko irakaslea izan zen eta duela urte batzuk hil zen. Testuinguru horretan, azaldu dute, bere garaian, PRIVA batzordearen esanetara jarri zela ikastetxea. Batzorde hori Espainiako Apezpiku Konferentziak sortu zuen, agintariekin eta Espainiako Gobernuarekin adostuta, preskribatuta dauden kasuak edo ustezko erasotzailea hilda dagoen egoerak aztertzeko.
Ikastetxearen arabera, batzorde horren bidez bilera “pertsonal eta erreparatzaileak” egin ziren erakundera jo zuten biktimekin, eta kalte moralagatik konpentsazio bat ezarri zen, kasu bakoitza banaka aztertuta. La Sallek adierazi du PRIVAk hartutako erabakiak bere gain hartzeko konpromisoa bete duela, biktimarik erreparaziorik gabe gera ez dadin.
Prebentzioa indartzeko lanean
Bestalde, azken urteetan prebentzio neurriak, jardun protokoloak eta prestakuntza prozesuak indartu dituztela nabarmendu dute, ikasleentzako “hezkuntza ingurune seguruak” bermatzeko helburuarekin. “Geure konpromisoa argia da: iraganean gertatutakoa berriz ez gertatzeko lan egitea”, adierazi dute.
Azkenik, ikastetxeak berretsi du hezkuntza komunitate osoaren elkartasuna eta errespetua biktimekin, eta azpimarratu du ikasleen “zaintza, hezkuntza eta garapen integrala” direla euren eguneroko lanaren ardatza.
