Marko Usabiaga donostiarrak uko egin dio OCRko Europako Txapelketan parte hartzeari, Espainia ez ordezkatzeko
Marko Usabiaga OCRko lasterkari donostiarra.Marko Usabiaga Marko Usabiaga kirolari antiguatarra zeresana ematen ari da OCR oztopo lasterketetan, Euskal Herriko onenetarikoa baita dagoeneko. Aurtengo maiatzean, Irunen jokatuko da kirol horren Europako Txapelketa, eta Usabiagak Euskadi Irratiko Faktoria magazinean eskaini berri duen elkarrizketan azaldu duenez, uko egin dio txapelketa horretan parte hartzeari: “Espainiako kamisetarekin ez naiz aterako eta ez dut korrika egingo”.
Hain zuzen ere, “argi” daukala nabarmendu du Usabiagak: “Horrela erakutsi dit nire familiak; gure fideltasun hori zaintzea”. Hain zuzen ere, bere aitak gauza bera egin zuen bere garaian atletismoan, Usabiagak berak gogorarazi duenez.
Era berean, Euskal Herriko OCR selekzioa lortzearen alde agertu da kirolaria: “Elkarte bat da, ez federazio bat, eta, beraz, elkartea izanda, aukera dago selekzioa ateratzeko. Saiatuko gara, zerbait egin dezakegu. Bestela, hurrengo urtean Errusiak bezala hartu dezakegu parte, federaziorik gabe”.
Horrez gain, OCR kirolaz beraz, bere kirol erronka pertsonalez eta bere ibilbideaz hitz egin du Usabiagak aipaturiko elkarrizketan, eta hemen entzun dezakezue osorik.
