'Queremos Donostia. Zuk ere bai' kanpaina aurkeztu du PPk
Tomas Pascua, Borja Corominas eta Vanesa Velez PPren zinegotziak, prentsaurrekoan.PP Donostiako PPk Queremos Donostia. Zuk ere bai kanpaina aurkeztu zuen atzo, Urumea pasealekuan egindako agerraldi batean. “Ahalik eta Donostia onena nahi dugu, eta donostiarrekin eraiki nahi dugu”, azaldu dute popularrek, ohiko legez, hedabideetara gaztelania hutsean bidalitako ohar batean.
Alderdiak “auzoz auzo, kalez kale” egindako lana nabarmendu zuen Borja Corominas bozeramaileak agerraldian: “Ez gara donostiarrengana hurbiltzen hiria nolakoa den azaltzeko, baizik eta beraiek azaldu diezaguten nola bizi duten eta nola hobetu dezakegun”.
Horrela, PPk hirirako “eredu integral” bat aurkeztuko duela azaldu zuen Corominasek, baita nabarmendu ere bereziki bost arlo zehatzetan jarriko dutela fokua: etxebizitzan, segurtasunean, mugikortasunean, hiri mantentzean eta fiskalitatean. Agerraldian, hala ere, ez zuen arlo horien inguruko proposamen zehatz bakar bat ere egin.
Era berean, 2027ko udaberriko udal hauteskundeetara begirako mezua helarazi zuen bozeramaile popularrak: “Proba gaitzazu. Konpromisoa, konponbideak eta emaitzak exijitu. Ez badugu erantzuten, aldatu. Baina betetzen badugu, geratu”.
