Bokazio absolutuarena
Filma: O agente secreto
Zuzendaria: Kleber Mendonça Filho
Urtea: 2025
Herrialdea: Brasil
Orain urtebete inguru aurkeztu zuen Walter Salles zinemagile brasildarrak Marcelo Rubens Paivaren memorietan oinarrituriko Ainda estou aquí (2025) lan arrakastatsua. Idazleak paperean islatu zituen bere ama Euniceren bizipenak, Brasilgo herria zapaldu zuen erregimen diktatoriala (1964-1985) tarteko, indarkeria arbitrarioko ekintza baten ondorioz senarra galdu eta bizitza berrasmatu behar izan zuen emakume baten gisara. Bada, kontakizun hori oinarri, maisuki erreproduzitu zuen Sallesek errepresioaren atzaparretan harrapaturiko herrialde baten arnas estua, trauma politikoa lotura ezagunen bidez iragaziz eta ikuslea emozionalki inplikatuz.
Hilabete batzuk geroago, O agente secreto (2025) aurkeztu zuen Kleber Mendonça Filhok Cannesko Zinemaldiko Sail Ofizialean –Zuzendari Onenaren eta Aktore Nagusi Onenaren sariak eskuratu zituen, baita nazioarteko kritikaren saria (FIPRESCI) ere–, bere herrikidearen lekukoa hartuta, Brasilgo memoria historikoa eta diktaduraren biktima izan zirenen historia indibidualak arakatuz. Sallesek egin zuen bezala, baina guztiz desberdin.
Brasil, 1977. Igaro dira, ustez, diktadura militarraren berunezko urterik odoltsuenak. Kontrako agertokia izan arren, herritarrek eta aktibistek osatutako erresistentziak bizirik dirau. Militante opositore horietako bat da Marcelo filmeko protagonista, iragan misteriotsuko irakaslea, teknologian aditua. Emaztea hil ondoren, ihesean ari da, Polizia ez ezik, enpresari errukigabe bat baitu bere arrastoaren xerka. Semearekin elkartzeko itxaropenez, inauteri garai betean iritsiko da Recifera. Laster konturatuko da hiria urrun dagoela nahi lukeen babeslekua izatetik.
Bada, espioitza generoari helduko dio Mendoçak bere herrialdean oraindik argitu gabe dagoen une politiko bortitz bat irudikatzeko, haustura estilistiko eta diskurtsibo baten aldeko apustua eginaz. Halaxe gailentzen dira pantailan kolore deigarriak; AEBko gangster film batetik ateratakoak diruditen pertsonaiak; alkandora irekiak, urrezko kateak eta betaurreko polarizatuak daramatzaten polizia ustelak; indarkeria eta, noski, odola. Osagaien nahasketa erabatekoa, hunkigarria adina basati eta anarkikoa den kontakizunean.
Izan ere, plano guztietan jarri du azpimarra, edonon aurki daiteke sinboloa, erabateko bokazioa baitu lanak: memoria historikoa, thriller politikoa, neo-noir, body horror, metazinema, zentsurari buruzko hausnarketa, Brasil garaikidearen alegoria eta 70eko hamarkadako zinemari egindako omenaldi esplizitua.
Espioien pelikula bat da paperean. Baina, era berean, bere semearen bilaketan heriotza seguru batekin topo egiten duen gizon baten istorio dramatikoa, edota isiltasun errudun batek jazarritako hiri bati buruzko kronika gordina izan daiteke ere. Estimulu ugariak, gidoiaren birak, ezustekoak… guztiak dira posible, Wagner Moura aktore protagonistaren interpretazio lan ikaragarria –Urrezko Globoaren irabazle izendatu dute orain gutxi, eta Oscarra ere irabaz lezake asteburuan egingo den sari-banaketa ekitaldian– buru duen lehen mailako talde artistikoak sostengatzen baitu kontakizunaren pisua
