Carmen Adarraga saria jaso du Pukas Surfen sortzaile Marian Azpirozek
Marian Azpiroz Pukas Surfen sortzailea (urdinez jantzita, garaikurrarekin), Carmen Adarraga saria jaso berritan.Gipuzkoako Foru Aldundia Marian Azpiroz aginagarra omendu dute aurten Carmen Adarraga sariarekin, Donostiako Pukas Surf markaren sortzaileetako bat. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak urtero banatzen du sari hori, kirolaren munduan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko lana aitortu asmo duena; asteazkenean banatu zuten aurtengoa.
Azpirozen lana goraipatu du aldundiak: “1970eko hamarkadan, zeregin erabakigarria izan zuen orduan ezagutzen hasi berria zen kirola profesionalizatzeko, enpresa ikuspegia eman zion, eta Gipuzkoa surfaren nazioarteko mapan kokatzeko ekarpen handia egin zuen”. Hain zuzen ere, epaimahaiak Azpirozek “aitzindari eta erreferente gisa egindako ibilbide bikaina” nabarmendu du.
Marian Azpiroz (Aginaga, 1949) Pukas Surf enpresaren sortzailea da, Iñigo Letamendia senarrarekin eta Miguel Azpiroz anaiarekin batera. 1979tik arrakastaz kudeatu du surfaren industria Euskal Herrian eraldatu duen familia enpresa. Bikiniak ehuntzen hasi zen, Letamendiak surf taulak eskuz egiten zituen bitartean. Dendak irekitzen jarraitu zuten, josteko tailerrak, taula fabrikak, surf eskolak eta marka mundura eraman zuten nazioarteko ekitaldien antolaketarekin batera.
