«Donostiari motz geratzen zaizkio Korrikaren kilometroak»
Korrika iristeko egun batzuk baino ez dira falta, eta, Donostian, azken prestaketa lanetan murgilduta daude AEK-ko kideak. Ibilbidea aspaldi zehaztuta badago ere, orain lekuko hartzeak, petoen banaketa eta auzoetako egitarauak lotzen ari dira. Aitziber Otegik eta Eider Hernandezek aurtengo edizioaren nondik norakoak eta Korrikatik haragoko erronkak azaldu dizkiote IRUTXULOKO HITZAri.
Eider Hernandez eta Aitziber Otegi, Donostiako AEKko kideak.AEK Noiz hasi zineten aurtengo Korrika prestatzen?
Aitziber Otegi (A.O.): Jendeak pentsa dezake Korrikaren aurkezpenarekin hasten garela, baina askoz lehenago abiatzen da lana. Aurreko Korrika amaitu orduko hasten gara hurrengoa prestatzen. Ibilbidea, esaterako, maiatzean nahiko zehaztuta egoten da, eta eskualdeka eragile kopurua ere aurreikusten dugu, ibilbidea ondo antolatzeko funtsezkoa delako. Urtarrilean ibilbidea aurkezten denetik aurrera, lan karga handitu egiten da, baina lana ez da soilik azken hilabeteetako kontua.
Eider Hernandez (E.H.): Komunikazioan agian pixka bat geroago hasten gara. Urria-azaroan aurkezten da Korrika bekaren irabazlea, aurten Kaka antzezlana izan dena, eta hortik aurrera aktibatzen gara: kantaren aurkezpena, ibilbidea eta Donostia mailako zabalkundea. Orain, auzoetako azken xehetasunetan laguntzen ari gara.
Zein da jendeak ikusten ez duen lana?
A.O.: Esaterako, Korrika Txikiaren antolaketa, zalantzarik gabe. Aurten hamazazpi egingo dira Donostian, 36 ikastetxeren parte hartzearekin eta hamabost auzotan barrena. Eskolekin harremanak egin, datak adostu, ibilbideak zehaztu eta segurtasuna bermatzeko koordinazioa egin behar da. Prozesu hori guztia ez da hain ikusgarria, besterik gabe ikusten delako kalean haurrak korrika ari direla, baina atzean lan handia dago. Korrika Kulturalean ere, auzoetako batzordeek egiten duten lana ikusezina da, askotan.
Zer geratzen da egiteko?
E.H.: Petoen banaketa [barrez]!
A.O.: Bai, azken lan praktikoak: eragile bakoitzari noiz eta non hartuko duen lekukoa zehaztea, peto zenbakidunak banatzea (bina ematen zaizkio eragile bakoitzari) eta azken xehetasunak lotzea. Erabaki handiak hartuta daude; orain dena ondo koordinatzea dagokigu. Pentsatzea baino, lan praktikoagoa egin behar dugu.
«Pena da hamar-hamaika egunetara mugatzea, baina egun horietan jende askok sentimenduz bizi du Korrika»
Aitziber Otegi, Donostiako AEKko kidea
Zenbat kilometro eta eragile izango ditu Korrikak Donostian?
A.O.: Orotara, Donostiako ibilbideak 40 kilometro fisiko ditu. Aurten erabaki da ez dela gehiago izango «kilometroa erostea», baizik eta «lekukoa hartzea» deituko diogula, eta horri dagokionez, Donostian, 152 eragilek hartuko dute lekukoa, ezinezkoa izango bailitzateke bakoitzari kilometro bana egokitzea. Gainera, gero eta eragile gehiagok parte hartu nahi dute, eta Donostiari motz geratzen zaizkio kilometroak.
E.H.: Helburua Korrika ahalik eta parte hartzaileena izatea da. Kilometroetara mugatuz gero, jende asko kanpoan geratuko litzateke.
Asteazken goizean igaroko da Korrika hiritik. Ordutegiak eraginik izango al du parte hartzean?
A.O.: Donostian 08:00etatik 13:00etara bitartean egingo dugu korrika eta, aurreikusi ezin badezaket ere, baliteke espaloietan jende gutxiago egotea, askok lanean edo eskolan egon beharko dutelako. Baina parte hartzaileen aldetik ez dut uste alde handirik izango denik. Enpresak eta ikastolak animatu dira, are gehiago, aurten lekukoa hartzen dutenen artean profil horiek nabariagoak dira.
E.H.: Ordutegi hori tokatu izana aukera ere bada. Euskaltegiko ikasleak kalera ateratzeko aitzakia ederra da, besteak beste. Agian, ikusle gutxiago egongo da, baina parte hartzean bestelako dinamikak sor daitezke, Korrika asteburuan pasatzen denean egin ezin direnak.
Nolako harrera izan du aurtengo Korrikak?
E.H.: Orokorrean, oso ona. Sare sozialetan eta auzoetan giroa nabaritzen da, eta kantak ere harrera oso ona izan du, aukeraketa ona izan da. Eragile asko animatu dira jarduerak antolatzera.
Auzoetan egitasmoak antolatu dituzte Korrikaren testuinguruan?
A.O.: Auzo bakoitzak bere Korrika Kulturala antolatzen du, Korrika hasi aurretik edo ondoren. Martxoaren 14a, larunbata, nahiko potentea izango da auzo guztietan. Parte Zaharrean, esaterako, Korrika Txikia eta haurrekin jolasak egingo dira, baina baita helduentzako ekintzak ere. Altza, Amara… bakoitzak berea izango du, eta auzolana da oinarria. Korrika denon artean egiten da, eta auzoetako eragileek eta boluntarioek egiten duten lana eskertzekoa da.
Korrikak zer suposatzen du AEKrentzat, diru bilketaz harago?
A.O.: Euskarari ikusgarritasuna eta babes soziala ematen dizkio. Pena da hamar-hamaika egunetara mugatzea, baina egun horietan jende askok sentimenduz bizi du Korrika. Aurten, gainera, hamabigarren egun bat egitea proposatu dugu AEKkoek, Korrikaren uholde hori aprobetxatzeko eta euskarari duen garrantzia eta bultzada emateko.
E.H.: Euskararen aldeko mugimendua pizteko aukera da. Euskal Herri osoan jende uholdea ikustea zirraragarria da. Gero eta handiagoa da, baina erronka da energia hori urte osora zabaltzea.
«Gero eta handiagoa da, baina erronka da energia hori urte osora zabaltzea»
Eider Hernandez, Donostiako AEKko kidea
Lehen aldiz parte hartu zenutenetik, nola aldatu da egitasmoa? hartzean?
A.O.: 1997ko Korrika dut gogoan, AEKn lanean ari nintzela egin nuen lehena. Orduan, ez zeukan gaur egungo dimentsiorik; pankartaren atzean jende gutxi ginen. 30 urte pasatu dira jada, eta, gaur egun, parte hartzea eta eragileen kopurua izugarri hazi dira. Dimentsioan dago alde handiena, baita, noski, horrek dakarren lanean ere.
E.H.: Nik pandemian bizi izan nuen lehenengoa AEKn, eta testuingurua guztiz bestelakoa zen. Hala ere, azken urteotako hedapena harrigarria da: pozgarria batetik, baina tristea bestetik, arazoek hor jarraitzen dutelako.
Korrikaren indarra urte osora zabaltzeko zer behar du Donostiak?
A.O.: Administrazioaren laguntza. Ez soilik udalarena, administrazioarena, oro har. Euskara ikasteko laguntzak badaude, baina erabilera sustatzeko neurri sendoagoak behar dira. Jende askok badaki euskara, baina guk behar duguna da dakiten horiek hizkuntza erabiltzea. Enpresen inplikazioa ere beharrezkoa da. Euskaltegiez, euskalgintzaz eta herri mugimenduko elkarteez harago, benetan baliabideak dituztenek zer edo zer egin dezaketela iruditzen zait.
E.H.: Irakaskuntza funtsezkoa da, eta beti aldarrikatuko dugu doakotasuna ezinbestekoa dela euskara denok eskuragarri izateko, baina, euskaltegietatik kanpo, babesa behar dugu. Hiztunak eta arnasguneak behar ditugu.


