«Euskara ikastea eta euskaraz janztea zor diogu euskarari»
Irakasleak euskalduntzeko eta euskal kulturan murgiltzeko programa da Irale, eta bertako irakasleak dira Idoia Ibero Urbieta eta Ainhoa Agirrezaldegi Errekondo. Lanean hasi zirenetik, saiatu dira Korrika eta horrek esan nahi duena ikasleei helarazten, eta aurtengoa berezia izango da haientzat. Izan ere, Irale itxi egin behar dute.
Idoia Ibero Urbieta eta Ainhoa Agirrezaldegi Errekondo, Iraleko irakasleak.Asier Gonzalez de San Pedro Noiztik hartzen du parte Iralek Korrikan?
Idoia Ibero Urbieta (I.I.U.): Irale eraikin desberdinetan egon da, baina hasiera-hasieratik hartu izan dugu lekukoa Korrikan. Beti egon nahi izan dugu, AEK-ri zor zaiona emateko, besteak beste.
Nork eraman behar du lekukoa?
Ainhoa Agirrezaldegi Errekondo (A.A.E.): Oraindik ez dugu adostu. Kilometroa irakasle eta ikasleen artean erosi dugu, eta uste dugu irakasle eta ikasle banak eramatea polita izango dela. Ahalik eta parte hartzaileena eta sinbolikoena izatea nahi dugu.
Non duzue kilometroa?
I.I.U.: Herreran. Kilometroarekin jokatu dugu. Gure ikasleak urrutitik datozenez, goizeko zortzietan egoteko ez zuen denborarik ematen; orduan, ohorezko tokia lortu dugu. Izan ere, azken urteotan zaila izan da ikasleak gurera etortzea.
A.A.E.: Iraleren azken urtea izanik, talde osoak parte hartzea nahi genuen. Korrika euskararen biziberritzerako garrantzitsua da, eta irakasleak ere garrantzitsuak dira horretarako.
Orokorrean, zenbat ikasle eta irakasle bildu ohi zarete?
I.I.U.: Eskola aurrean hartu izan dugu, eta ez gara asko bildu izan. Baina egia da, irakasleen ingurukoak batu izan direla gurekin korrika egitera. Iralekoak, guztira, hogei inguru bildu ohi gara.
Aurten hori baino gehiago izatea nahi duzue, ezta?
A.A.E.: Bai, eta festa bat izatea nahi dugu. Guk Korrikaren festa eta aldarrikapena beti bizi izan ditugu, baina ez gure kilometroan. Aurten, zortea izango dugu, lanketa hori ikasleekin egingo dugulako gure kilometroan.
«Proiektu bat abiatu genuen, eta hori amaituko dela pentsatzeak negargura apur bat ematen du»
Idoia Ibero Urbieta, Iraleko irakaslea
Zer da zuentzat lekukoa hartzea?
I.I.U.: Emozioa. Beti da berezia, eta sinisten dugun zerbaiten parte izatea da. Oraindik, XXI. mendean, lan hori egiteko beharra dago, baita zabaltzeko beharra ere.
A.A.E.: Korrikak gauza asko sinbolizatzen ditu. Korrikaren ibilbidea ikusten duzu, eta askotan, zoritxarrez, ezagutzen ez ditugun herri txiki pila bat daude. Korrikaren Euskal Herriko mapak sinbolizatzen du gure lurra, ahalegin bat, euskara egoera desberdinetan egotea eta euskararen egoeraren biziberritze bat egin behar dela. Hori guztia helarazi nahi diegu ikasleei. Horregatik da garrantzitsua gure kilometroa haiekin bizitzea.
Zein harreman duzue euskararekin?
I.I.U.: Gure bizitza, harremanak egiteko gure arma… Dena da.
A.A.E.: Ni euskara naiz. Euskarak ardazten nau, eta txiki-txikitatik da nire jolas eremua eta eremu soziokulturala.
Aipatu duzue Iraleren azken urtea dela. Zeintzuk dira Irale ixteko arrazoiak?
I.I.U.: Zoritxarrez, sinistuta gaude tituluaren jabe izateak ez duela nahikoa bermatzen euskararen jakitun izatea. Norberak bere prestaketan eta hizkuntza janzten egin behar duen lan hori ez da sekula amaitzen. Iralek oraindik hezkuntzari eskaintzen dion hori amaitu gabeko lan bat dela iruditzen zaigu. Garai berriak direla diote, baina beharrak dirau. Iruditzen zaigu euskara ikastea eta euskaraz janztea zor diogula euskarari.
A.A.E.: Kontua da baliabide guztien premia dagoela, eta momentu honetan badirudi ez dagoela aski baliabide bi eremuei erantzuteko: irakasleen formakuntzari eta ikasleekin egin nahi den hizkuntza kudeatzaileen bidezko lanketari. Guri, aldiz, biei eustea garrantzitsua iruditzen zaigu.
Norbanakoarenak ez diren gabeziei eta sistematikoak direnei dagokienez, sistemak berak eman beharko lizkieke irakasleei baliabideak horretan janzteko. Gainera, gero haiek dira euskara eta euskal kultura helaraziko dizkietenak ikasleei. Askotan, ordea, irakasle lanetara ez dira horiek guztiak landuta iristen. Oro har, gizartean asko gutxitu da euskara eta euskal kulturaren ezagutza, eta gizarte osoak duen gabezia bat da, ez soilik ikasleena, gutxitutako hizkuntza batean bizi garelako.
«Euskararen egoeraren biziberritze bat egin behar dela sinbolizatzen du Korrikaren Euskal Herriko mapak»
Ainhoa Agirrezaldegi Errekondo, Iraleko irakaslea
Zer ondorio ekar ditzake Irale ixteak?
I.I.U.: Oso hankamotz geldituko da hezkuntzan dabiltzan profesionalen formazioa. Galera handia iruditzen zaigu.
A.A.E.: Hemengo ikastaroak haien lanorduetan egiten ziren, irakasleen liberazio jakin batzuekin, iruditzen zitzaigulako bizi garen erritmoarekin eta noizbehinkako ikastaroekin ez dagoela euskaran murgiltzerik, ezta euskal kultura ezagutzerik ere. Horretarako, bere denbora eta bere espazioa eman behar zaio. Euskararen inguruko jardunaldi guztietan aldarrikatzen da jendeak denbora eta espazioa behar duela, eta guk ere irakasleek denbora eta espazioa izatea nahi dugu, formakuntza horretarako.
Altzan egonik, Iralek auzoari eragin diola uste duzue?
I.I.U.: Urteotan, auzo honi arnasgune bat eman diogu. Duela urtebete edo, auzoa ezagutze aldera, proiektu bat abiatu genuen, eta hori amaituko dela pentsatzeak negargura apur bat ematen du.

