IRUTXULOKO HITZA ere Korrikarekin bat
Hemen da Korrika, euskararen aldeko herri ekimen erraldoia. Martxoaren 25ean pasatuko da Donostiatik, eta, noski, IRUTXULOKO HITZAk parte hartuko du. Grosen hartuko dugu euskararen lekukoa aurten; han espero zaituztegu!
Olatz Balda kazetariak (ezkerrean) eta Irati Azpeitia Hitzakideak hartu dute lekukoa 2024an, IRUTXULOKO HITZAren izenean.AEK Urteko egun guzti-guztietan gabiltza euskararen alde lan egiten Irutxuloko Hitzan, hori delako gure izateko arrazoia eta eguneroko jardunerako oinarria. Hori dela eta, beti hartzen dugu euskararen lekukoa Korrikan, eta aurten ere hala egingo dugu, noski.
Hain zuzen ere, martxoaren 25eko goizean ibiliko da Korrika Donostiako kaleetan barrena tipi-tapa, eta Grosen iritsiko da Euskal Herria zeharkatzen ari den lekukoa gure eskuetara: Zurriola hiribidean hartuko dugu, 11:45ean, Bagera Euskaltzaleen Elkartearen eskutik. Horrela, lantaldeko kide batek eta Ines Arrue Unanue harpidedun eta kolaboratzaileak hartuko dute lekukoa, IRUTXULOKO HITZAren izenean. Gure tartea egin ondoren, Marruma elkarteari pasatuko diogu lekukoa.
Gure parte hartzea, ordea, ez da horretara mugatuko, egunaren jarraipen informatibo berezia egingo baitugu. Ohiko legez, Korrika Donostian barrena jarraituko dugu egunean bertan, kalez kale, eta gure webguneko atal berezian zein sare sozialetan izango duzue argazkiak eta bideoak ikusteko aukera.
Zozketa eta eskaintza bereziak
Egunero-egunero euskararen alde lan egiten jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zuen guztien laguntza eta babesa, eta, hori dela eta, IRUTXULOKO HITZAren harpidetza merkeago eskainiko dugu 24. Korrikak irauten duen bitartean: 20 euroren truk, zure aletxoa jarri dezakezu Donostiako euskal hedabideak aurrera egin dezan. Horrez gain, Hitzakideentzako zozketa bereziak egingo ditugu Korrikak irauten duen bitartean AEK-rekin elkarlanean, Korrikako materiala zozkatuko baitugu.
Badakizue, beraz: bizi eta jarraitu Korrika IRUTXULOKO HITZArekin batera, denak espero zaituztegu!
