«Polita litzateke palestinarrek eramandako lekuko kolektiboa ikustea»
24. Korrika Donostiatik igaro baino egun batzuk lehenago, Donostia Palestinako kideak komunitate palestinarrarekin dabiltza elkarlanean euren egoera ikusgai egiteko. Aurtengo Korrika lehenengoa izango da kolektiboarentzat, eta Parte Zaharrean hartuko dute lekukoa.
Donostia Palestina Herri Ekimeneko hainbat kide,Jon Iriarte Mendiola Zer da Donostia Palestina ekimena? Nortzuk osatzen duzue?
Donostia Palestina taldea 2024ko urtarrilean sortu zen, Palestinan gertatzen ari zen genozidioaren aurrean antolatzen hasi, eta gero eta kide gehiago batu ziren gurera; egiten genituen deialdi nahiz ekintzek irismen handiagoa lortu, eta jende gehiago elkartzea ekarri zuten. Horrela hasi ginen eta gaur arte gabiltza lanean.
Oso jende ezberdina biltzen gara taldean, jatorriak eta belaunaldiak ere askotarikoak dira. Esaterako, euskal herritarrak bagaude, baina baita ere irlandarrak, norvegiarrak… Espainiatik etorritako jendea ere bada.
Nolakoa da zuen egunerokoa?
Taldean bi astean behin elkartu ohi gara. Eltze jotzeak egiten hasi ginen, maiztasunez, hilabetean behin antolatzen dugu. Batez ere, protesta egin izan dugu, baina baita kultur arloko ekimen batzuk ere.
Bestetik, Donostian lanean dabiltzan beste taldeekin ere biltzen gara elkarlanean, BDZ mugimenduarekin, adibidez. Horrez gain, beste talde batzuekin batera, Gernika Palestina sareko kide ere bagara. Palestinarekin Elkartasuna kolektiboarekin ere hainbat jarduera egin ditugu.
Palestinaren egoerari buruzko zein irakurketa egiten duzue gaur-gaurkoz?
Zoritxarrez, su etenaz geroztik, egoera gutxi aldatu da. Aldaketak izan dira, baina egoera oso larria da egun. Genozidioak aurrera jarraitzen du eta Zisjordania lurraldea okupatzeak gatazka areagotu du. Israeldarrek Palestinako lurrak bereganatzeko dinamika orokortu egin da. Gainera, nazioarteko erantzuna ez da izaten ari beharko lukeena. Horregatik, gu gizarte zibiletik erantzuten saiatzen gara. Baina, tira, hor ardura dutenek ere egin beharko lituzkete bestelako ekintzak, ematen ari ez diren pausuak eman beharko lituzkete. Munduan ez dago nazioarteko legedia babesteko bermerik, sionistek eta israeldarrek nahi dutena egiten jarraitzen dute, inpunitate osoz.
«Gizarte arloko adierazpen asko daude Korrikan, eta Palestinak ere hor egon behar zuela uste genuen»
Euskal Herritik urrun egonagatik ere, nola bizi duzue gatazka?
Urrun gaude, baina askotan diogu: lehen, telebistan edo sareetan ikusten genuen zerbait zen; orain, Palestina hemen ere badago, errefuxiatu asko iritsi dira. Guk, gure taldetik, bertan diren zenbait palestinarri lagundu diegu lehen urratsak egiten, zentzu horretan ere egin ditugu dinamikak. Donostian, jada bada komunitate nahiko garrantzitsu bat, badaude Gazatik etorri diren familia dezente. Larrialdi programen bitartez iritsi dira bonbardaketetan zauritutako haurrak; errefuxiatu estatusarekin hemen bizi direnak ere badira. Jada ez da urrun ikusten den errealitate bat, hemengo egunerokotasunean ere eragina du, eta nabari da.
Zuen lehenengo parte hartzea da Korrikan? Zerk animatuta hartu duzue kilometroa?
Donostia Palestinak Korrikan parte hartzen duen lehen aldia da, bai. Korrikaren moduko ekimen batean Palestinaren afera ikusgarri egin nahi genuen. Gizarte arloko adierazpen asko daude Korrikan, eta Palestinak ere hor egon behar zuela uste genuen. Aurreko aldian jende askok Palestinako banderak eraman zituen, Korrikako furgonetan ere jarri zuten bat. Guk Donostian ekarpena egiteko beharra ikusten genuen, alde batetik, euskarari eta Korrikari, noski; baina, baita ere, Palestina presente egotea nahi dugu hirian, ahanzturan erori ez dadin. Eta Korrika hiritik pasatuko den ekimena denez, bertan egon nahi genuen.
Zein da zuen Korrikako ibilbidea?
San Juan kaletik Sarriegi plazara arte egingo dugu gure tartea. Korrikaldiaz gain, egunean bertan zerbait egin nahiko genuke eta egitaraua osatu.
Lekukoa nork hartuko du? Zein balio sinboliko du lekukoa eramateak?
Argi duguna da palestinarrek eramatea nahi dugula, beraiek izan dezaten protagonismoa. Donostian dauden hainbat familiarekin hitz egiten ari gara, ea nor edo nortzuk izango diren galdezka. Polita litzateke palestinarrek eramandako lekuko kolektiboa ikustea.
Azkenean, Palestinari presentzia ematean datza ekintza. Herri honentzat hain garrantzitsua den ekimenean beraiek ere presentzia izatea eta familia horiek presente egotea aitortza da. Korrikaren moduko ekimen garrantzitsu batean Palestinari ikusgarritasuna eman nahi diogu.
«Giza eskubideen alde dagoena hizkuntza eskubideen alde ere badago»
Palestinaren aldeko borrokak eta euskarak badute hartu-emanik?
Giza eskubideen alde dagoena hizkuntza eskubideen alde ere badago. Borroka guztiak lotuta daude, kasu honetan internazionalismoa, baina, baita ere, gizarte zein hizkuntza aldarriak. Eskubideen bermatzea borrokatzen denean, guztia biltzen da. Korrika hainbat eta hainbat aldarriren erakusleiho da, ez soilik euskararen aldekoarena; euskarak biltzen ditu beste borroka guztiak.
Zeintzuk dira zuen etorkizuneko asmoak?
Hilabeteko lapiko jotzeak egiten jarraituko dugu, hurrena gaur bertan izango da, Bulebarrean. Bestetik, elkartea sortu genuen, ofizialki forma juridikoa izateko. Horrekin, diru laguntzetarako erraztasunak izan eta beste zenbait ekimenetarako pausoak formalizatu nahi izan ditugu. Protestarekin jarraituko badugu ere, haratago doan zerbait landu nahi dugu. Egunotan dugu lan bilera, ekimena nondik bideratu hausnartzeko, eta zein jarduera egin daitezkeen ikusteko.

