Tantaren tortura
Klik-klak.Joseba Parron San Sebastian Munduko tortura metodorik jasangaitzenetako bat omen zen ur tantarena: biktima buruz gora etzaten zuten eta bost segundoero ur tanta bat erortzen zitzaion kopetan. Sinplea dirudi, baina, denborarekin, kalte fisikoaz gain, kalte psikologiko handia sortzen zuen horrek, besteak beste, tantaren jario etengabeak lo hartzea galarazten ziolako biktimari.
Ez ote digute tortura metodo anker hori egunerokora zabaldu? Kale egoeran zegoen beste pertsona bat hil da: tanta; etxebizitza ehuneko beste ez dakit zenbat igo da hilabete honetan ere: tanta; beste gizon batek bere bikotekidea erail du: tanta; Elon Muskek beste ez dakit zenbat mila milioi dolar irabazi ditu: tanta; AEBek beste herrialde bat bonbardatu dute: tanta; Israelek beste haur palestinar bat hil du: tanta.
Zenbat tanta gehiago aguantatzeko gai izango ote gara?
