Tindufeko kanpalekura bidean da elkartasun karabana
Tindufera bidean doan kamioietako bat.Saharako Lagunen Elkartea Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkarteak antolatutako elkartasun kanpainan bildutako laguntza Sahararantz abiatu da larunbat goizean. Azken asteetan aurrera eramandako ekimenenen bidez, 13.000 kilo janari eta lau paleta konpresa bildu dituzte Donostian eta horiek, Gipuzkoan jasotako 50 tonekin batera, bi trailerretan sartu dituzte. Horiekin batera Bizkaian bildutakoak zeramatzaten beste hiru osatu dituzte. Bostak Zurrila pasealekutik irten dira Alacantera bidean, handik, Tinduferantz jarraitzeko.
Haiek agurtzera berrogei bat lagun batu dira, baita Fronte Polisarioko Euskal Herriko delegatu Mujtar Lebuehi, Jon Insausti alkatea, Saharako Lagunen Elkartearen federazioko arduradun Maritxu Arbelaitz ere. Azken honek, eskerrak eman dizkie kanpaina posible egin duten elkarte, boluntario, udal eta erakunde guztiei, eta Saharako herriarekiko konpromisoak “bizirik” dirauela erakutsi duen euskal gizarteari ere. Herritarren elkartasunari esker, aurten ere 110 tonatik gora elikagai eramango dituzte errefuxiatu kanpalekuetara.
Edonola, elkartasuna ospatzeaz gain, sahararrek bizi duten egoera larria ere salatu dute. “Hamarkadak daramatzate errefuxiatu kanpalekuetan, nazioarteko komunitatearen konponbide politiko baten zain”, gogortu du Arbelaitzek, eta Espainiako gobernuari eskatu dio bere “ardura historikoa” onar dezala eta behingoz “aurpegia eman” dezala, nazioarteko zuzenbidea eta saharar herriaren autodeterminazio eskubidea errespetatuz.
Hala, gaur abiatu dena azken karabana izateko nahia ere adierazi du Arbelaitzek, Saharako herriak ez baitu laguntza humanitarioa behar, “bere lurraldera itzuli eta askatasunik izatea baizik”. Izan ere, “Saharako herriak erresistitzen du existitzen jarraitzeko”.
Adierazpenen ondoren, Unai Gaztelumendik bertso pare bat bota ditu, gogoratuz, “nahiz eta garen miseria ugariz enteratzen, telebistan ez dira denak ateratzen” eta opa izan du “irits dadila oztoporik gabe gure alea Sahararen alde”. Jarraian, Kresala Dantza Taldeko bikote batek agurra dantzatu du.
Hala, gidariak kamioietara igo, eta motorrak piztu dituzte. Kursaal aurrean, Saharako banderak astinduz, oihu eta txalo artean igaro dira, eta klaxon soinuekin erantzun dute.
