Auditz Akular Altzarentzako eremu natural gisa «aldarrikatu» dute
Herritar guztiak deitu dituzte Altza berdearen aldeko banderola berdeak jartzea leiho eta balkoietan. Era berean, Auditz Akular porlanez betetzearen aurkako sinadura bilketa abiatu dute.
Auditz Akular eta Altza osoa "defendatzeko" elkarretaratzea egin dute Harria parkean.Altza XXI Auditz Akular Babesteko Taldeak deituta, herritar ugari elkarretaratu dira igande eguerdian Altzako Harria parkean, Auditz Akular berdegunean aurreikusita dagoen hirigintza garapenaren aurka eta “Altza berdearen” alde. Altza XXI Herri Ekimena buru, guztira, Donostiako 42 eragileren babesa du aipaturiko taldeak, eta Altza berdea. Auditz Akular maitatu! lelopean mobilizatu dira.
Gogorarazi dutenez, elkarretaratzea egin duten lekuan bertan, Harria parkean, zortzi etxebizitza dorre aurreikusi zituen udalak bere garaian, eta “herri mobilizazioari esker” lortu zuten egungo parkea sortzea. Eredu gisa jarri dute hori, hain zuzen ere, Donostiako Udalak 3.000 etxebizitza inguru eraiki nahi baititu Auditz Akularren: “Gaur, gure lurraldearen defentsan atera gara berriro ere, eta Auditz Akular aldarrikatu dugu komunitate ase eta gutxiegi hornitu batentzako espazio natural gisa”.
Auditz Akularren eta Altzaren aldeko manifestua irakurri dute jendaurrean, Auditz Akular eta Altza defendatzeko “bost arrazoi” plazaratuz: “Eremuak ingurumen eta estrategia ikuspuntutik dituen balioak, gizarte mailako balioak, proiektua soziologikoki onartezina dela, ez dela etxebizitzaren arazoari eman behar zaion erantzuna eta hirigintzaren eta ekonomiaren ikuspegitik ere desegokia eta desorekatua dela”.
Manifestua irakurri ostean, Aitor Odriozola bertsolariak Altzaren aldeko sei bertso bota ditu, eta, jarraian, herritar guztiak deitu dituzte Altza berdearen aldeko banderola berdeak jartzea leiho eta balkoietan. Era berean, Auditz Akular porlanez betetzearen aurkako sinadura bilketa abiatu dute; hemen sinatu daiteke.
Hauek dira mobilizazioarekin bat egin duten eragileak: Altza Herri Ikastetxea, Altzako herri kirol taldea, Altzako Historia Mintegia, Altza XXI Herri Ekimena, Altzagainako jai batzordea, Altzako institutua, Altzania Kultur Elkartea, Artiako Lagunak, Basajaun Elkartea, Baserritar Bilgunea, Baso Biziak Plataforma, Bizarrain euskara taldea, Bizilagunekin plataforma, Buenavistako auzo elkartea, Egia Bizirik auzo elkartea, Eguzki talde ekologista, Ekologistak Martxan taldea, Elkartasuna auzo elkartea, Etxalde baserritar mugimendua, Gure Bidea elkartea, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Herrerako jai batzordea, Herrerako Mozkor Frentekideok taldea, Herripe auzo elkartea, Hondarpe Groseko auzo elkartea, IZBE Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea, Lantxabe Aieteko bizilagunen elkartea, Larratxoko jai batzordea, Lodabe auzo elkartea, Manteo Bizirik plataforma, Mundu Bakean taldea, Osteguna auzo elkartea, Parkea Bizirik elkartea, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Plazandreok elkarte feminista, Satorralaia plataforma, Uliako auzo elkartea eta Uliazpi Kultur Elkartea.
“Ez da onargarria”
Berdegune handi horretan 3.000 etxebizitza eraikitzeak “inguru naturala hondatuko du”, manifestarien ustez: “80 hektarea baino zabalagoa den eremua kaltetuko du, zeinak balio estrategiko handia duen abeltzaintzan eta nekazaritzan erabiltzeko”. “Ondo zainduta dagoen ekosistema hau benetako birika berdea da 1970eko hamarkadako hirigintza anabasaren eta gehiegikerien biktima den eta itota eta ekipamenduz eskas hornituta dagoen komunitate honentzat”, gehitu dute.
Horregatik, nabarmendu dute ez dela onargarria hirigintza egitasmoa: “1950eko hamarkadatik datorrelako, eta jasangarria ez izateaz gain, zaharkituta dagoen urbanismo eredu baten emaitza delako; are gehiago, jakinik ageri-agerian geratu dela beharrezkoa dela ekosistemak zaintzea, bai guretzat, baita gure ondorengoentzat ere, eta eremu naturalak zaintzeko eta berreskuratzeko betebeharra ezarri diela Natura Biziberritzeko Europako Legeak estatuei”.
Horrela, gogorarazi dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak “biziki gomendatu” duela bertan ez eraikitzea. “Geratzen zaigun ondare natural apurra hondatzearen aurka gaude, eta horregatik, eskatzen dugu gelditzeko egitasmoaren izapidea. Era berean, etxebizitza beharraren arazoa konpontzeko benetako neurri eta irtenbideak hartzea eskatzen dugu”, gaineratu dute.

