Isunak salatu eta Guardetxea aldarrikatu ditu AZGAk
Goizean Parte Zaharreko kaleetan barrena egin duten manifestazioko irudi bat.
AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladak manifestazioa egin du igande egurdian Parte Zaharreko kaleetan barrena, eta dozenaka lagunek parte hartu dute iazko maiatzaren 29an udalbatzara bertaratzeagatik jaso duten 32.000 euroko isuna salatzeko ekintzan. Mobilizazioa amaituta, Trinitate plazan egindako adierazpenean gogoratu dutenez, beren asmoa okupatu berri zen Guardetxeari elkartasuna adierazi eta Udal Gobernuari bilera eskaera luzatzea zen; baina Udaltzaingoa haien aurka oldartu zen, Eneko Goia alkatearen abisurik gabe eta protokoloa jarraitu beharrean. Ondorioz, kide bat atxilotu eta beste bosten kontrako prozedura judiziala abiatu zuten; desorden publikoak, autoritateari atentatua eta lesioak eragitea egotzita.
Fiskaltzak egingo duen zigor eskaeraren zain daude eta espertxe zigor eskaerak espero dituzte. Gainera, plenora bertaratutako 40 kideei 800 euroko isunak iristen ari zaizkie. AZGAren ustez, isun horiekin Guardetxea eta bestelako gaztetxe zein gune autogestionatuen aldeko babesa “kriminalizatu” nahi dute. “Muntai polizial berri baten aurkitzen gara, zeina beste behin ere, gezurretan eta akusazio faltsuetan oinarritzen den”. Okupazioa ez ezik, elkartasuna ere zigortu nahi dute oraingoan, AZGAren jardun politikoa oztopatu eta geldiarazteko.
Edonola, AZGAko kideek argi dute “isun, epaiketa edota indarkeria polizialaren bidez”, ez dutela auzotarren interes kolektiboa erdigunen jarri eta bestelako bizi eredu komunitario baten alde antolatzeari utziko. Errepresioaren aurrean, elkartasuna antolatzen jarraituko dutela berretsi dute.
Azkenik, desalojo arriskuan dauden gaztetxeak gogoratu dituzte Portugalete Sastraka gaztetxeari aipamen berezia eginez.
