«Klase borroka hedatzera» deitu du EHKSk greba orokorrean
Mobilizazio jendetsua egin du EHKSk greba orokorraren bueltan.Beñat Parra Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) bat egin du Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak gaurko (martxoak 17) 1.500 euroko soldata minimo propioaren alde deitutako greba orokorrarekin, bere pikete eta mobilizazio propioak eginez. Hain zuzen ere, manifestazio jendetsua egin dute ehunka lagunek Donostian goizean, Kapitalismoaren ofentsibaren aurrean, klase borroka hedatu! lelopean.
Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte sozialistek, bandera gorriak sorbaldan, “langileon mendekua, iraultza sozialista”, “gaur, greba orokorra” eta “kapitalismoa suntsitu”-ren gisako aldarrikapenak oihukatuz. Trinitate plaza betez amaitu dute mobilizazioa, eta bertan egin dute irakurketa, mezu argi batekin: “Gaur ehunka lagun elkartu gara klase borroka hedatzearen aldeko mezua zabaltzeko”.
Nazioartera begira
Irakurketan, nazioarteko egoera geopolitikoari begiratu diote, lehenik: “Inperialismoaren dominazio nahiak guztiok zulo beltz batean sartzeko arriskua gero eta handiagoa da, nazioartean gerra eta krisialdi ekonomikoa jada errealitate bat dira. Ekialde Hurbileko genozidioa, Iranen aurka egiten ari diren basakeria guztiak edo Kubaren aurkako blokeo kriminala Ameriketako Estatu Batuen eta mendebaldearen inperialismoaren adibide gordinak dira”. Horren harira, “langile klasea nazioartean antolatzearen aldeko mezua zabaldu nahiko genuke”, gaineratu dute: “Gerraren, pobreziaren eta hau sustatzen ari den oligarkiaren kontra!”.
Egoera hori guztia Euskal Herriko egunerokoa “baldintzatzen” ari dela salatu dute: “Ofentsiba inperialistaren testuinguruan hemengo enpresariak zein instituzioak, EAJ buru dutela, beraien poltsikoei begira ari dira, langileon ongizateari erreparatu beharrean”. Horregatik, elkartasuna adierazi diete baldintza duinagoen alde borrokatzen ari diren Euskal Herriko “langile guztiei”: “Tubos reunidos, Bilboko portuko amarratzaileak, Arrigorriagako erresidentziako langileak… Patronalaren mehatxu eta diru gosearen aurka borrokarako bidea aukeratzen duten langileen borroka, gure borroka ere bada”.
Kapitalismoaren aurka
Horrela, kapitalismoa jarri dute jomugan: “Gehiegitan saiatu da sozialdemokrazia sistemari petatxuak jartzen, baina sistema honek behin eta berriro toki berera eramaten gaitu: injustiziara, gerrara, ziurgabetasunera, pobreziara. Epsteinen kasuak argi erakusten digu nor ateratzen den irabazten kapitalismoan eta zeinek galtzen duen. Kapitalismoaren onuradun bakarra burgesia da, sistema hau bere probetxu pribaturako eta edozelako gehiegikeriak gauzatzeko erabiltzen duena”.
Horregatik, “erreformismoa behin betiko baztertu eta kapitalismoa zein bere gailurrean dagoen oligarkia jopuntuan jartzeko garaia” dela aldarrikatu dute: “Soilik klase sozialetan banaturiko gizartearekin amaituta bermatuko ditugu guztiontzako ongizatea! Eta komunistok horretara goaz!”.
Ildo horretatik, irakurketaren hasierako mezua berretsi dute: “Langile klasearen gero eta sektore gehiagotara zabaltzekoa klase borroka. Gaurko greba deialdia horretarako probestu nahi dugu, langile klaseari ondorengo mezua zabaltzeko: langile guztiok gara beharrezko enpresarien despotismoaren aurka eta kapitalismoaren aurkako borrokan! Zailen daukatenen eta gutxien kobratzen dutenen aldarrikapenak erdigunean jartzeko momentua da. Klase borroka nazioartean hedatzeko momentua da”.
“Oligarkia inperialistaren eta faxismoaren aurka langile klasearen batuta behar dugu”, gehitu dute, EHKSren “proposamen argia” mahai gainean jartzearekin batera: “Komunismoa nazioarteko alderdi bilakatu eta oligarkiari aurre egiteko gai izango den alternatiba osatu behar dugu”. “Antolakunde sendo eta ideologizatuak behar ditugu, konpromiso militantea erdigunean dutenak eta elkarlan zein aliantzak osatzeko prestutasuna dutenak. Mugimendu sozialistatik horretan ari gara lanean, eta eskua luzatzen diogu langile klase zein herri mugimenduari borroka antikapitalista eta antiinperialistan elkartzera”, gaineratu dute.
