‘Argi Gorriak’ telesaila ostiralean estreinatuko da Primeran plataforman
Gaur aurkeztu dute 'Argi gorriak' telesaila, Maria Cristina hotelean.EITB Argi Gorriak telesaila ostiral honetan, hilaren 20an, estreinatuko da EITBren Primeran streaming plataforman. Aurrestreinaldia gaur arratsaldean egingo dute Kursaalean, EITBren eskutik. Lehen hiru atalak proiektatuko dituzte 19:30ean, eta aurretik, 18:30etik aurrera, telesaileko lantaldea alfonbra gorritik igaroko da.
Gaur goizean egin dute telesailaren aurkezpena Maria Cristina Hotelean. “Thriller kutsuko familia komedia garratz” gisa aurkeztu dute telesaila, eta zortzi atal izango ditu, bakoitza ordu erdikoa; astero bi atal eskainiko dituzte. Aukeratutako familia, identitatea, talka kulturala, lan prekarietatea eta LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgarritasuna lantzen ditu telesailak, besteak beste.
Istorio korapilatsu bat
Istorioak Mugika familiaren gorabeherak ditu ardatz. Aitak familia abandonatu ondoren, bost urte geroago itzuliko da, iktus batek jota eta ia hitz egin eta mugitu ezinik. Egoera are gehiago korapilatuko da bere itzulerarekin batera heriotza mehatxu bat agertzen denean. Familia inoiz ez da ondo moldatu, baina bizirik iraun nahi badute, elkarlanean aritu beharko dute eta aitaren azken urteetako sekretuak argitu.
Itziar Ituño da telesailaren protagonista: Elena Mugika bikoizketa aktorea. Bere bizitza arruntak ustekabeko bira hartuko du senar ohiaren itzulerarekin. Eta Ituñorekin batera, aktore lantalde handia dago kamera aurrean; horien artean, Klara Badiola eta Aitor Beltran donostiarrak. Gainera, Alberto Gastesi donostiarrak egin ditu zuzendari lanak.


