Erroldatzeko «irizpide komun eta homogeneoak» aldarrikatuko ditu Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Martxak
Aurtengo kanpaina aurkeztu dute igandeko ekintzarekin batera. SOS Arrazakeria Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzearen Aldeko Nazioarteko Eguna dela eta, Sos Arrazakeriak, Medicus Mundi eta Euskadiko GKEn koordinadorak antolatuta, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako 29. Martxa egingo dute igandean, hilak 22. Ohi bezala, Trintxerpeko azokatik abiatuko dira, 11:30ean eta Bulebarreraino joango dira, 13:00ak aldera iristea aurreikusi dute.
Gaur aurkeztu dute ekintza udaletxean egindako prentsaurreko batean. Aurtengo leloa Erroldarik gabe, izaterik ez da, horren bidez salatuko dute milaka lagunentzat errolda eza beren oinarrizko eskubideak lortzeko oztopo iraganezina dela eta administrazioarentzat bizilagun “ikusezin” direla. Hori horrela, EUDELek bazterkeria egoeran dauden pertsonen erroldatzea erregulatzea errazteko iaz proposatutako “irizpide komun eta homogeneoak” Euskadi osoan ezartzea eskatuko dute.
47 dira martxari babesa adierazi dioten taldeak, eta, zaurgarrienen babesaz gain, besteak beste, malgutasuna, gardentasuna eta irisgarritasuna eskatu diete udalei, erroldatua ez egoteak kanporatze “sanitario, juridiko eta soziala” baitakar. Gizarte baliabideak kudeatzeko “eskubidea eta betebeharra” den heinean, gainera, errolda erreala inor ikusezina ez izateko bidea izateaz gain, horien salmenta “lotsagarriarekin” amaitzeko modua ere bada.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, pertsona guztien eskubidean erdigunean jarriko dituen gizarte bat nahi dute, eta herritarrei dei egin diete martxarekin batzera. “Oso garrantzitsua da, beharrezkoa, eta gure erantzukizuna”.
Komunikazio kanpainaz arduratu dira beste behin Usandizagako ikasleak. Oraingoan, irudi metaforikoak baliatu dituzte: etxe itxurako burua duten pertsona irribarretsuak ageri dira, norbera bere etxea dela, eta bere bizitokia edozein dela ere, hiriaren parte dela irudikatzeko. Gainera, Martxa jarduera ludikoa dela ere adierazi nahi zian dute, “dibertsitatea ospatzeko helburu komuna du, hori baita arrazakeriaren aurkako tresna onena”.


