Gurgurio gorriaren aurkako protokolo integrala aktibatu du udalak, hiriko palmondoak babesteko
Gurgurio gorriaren aurkako protokoloa aktibatu du udalak.Donostiako Udala Donostiako Udalak gurgurio gorriaren aurkako protokolo integral bat aktibatu du, azaldu duenez, jatorri tropikaleko intsektu hori “arku mediterraneoko eta atlantikoko hiri inguruneetako palmondo apaingarrien mehatxu nagusietako bat” bihurtu baita. Udalak nabarmendu duenez, “prebentzioan, detekzio goiztiarrean eta jarduera koordinatuan” oinarrituko da protokoloa, “gurgurio gorriaren izurritea kontrolatzen zaila eta hedapen azkarrekoa baita”.
400 palmondo inguru daude Donostiako kaleetan, eta, hori dela eta, udala astelehen honetan hasi da horietan tratamendu fitosanitarioak egiten, baina hurrengo hilabeteetan zehar jarraituko dute: “Esku hartzeko estrategia urte osoan zehar egingo da, eta hainbat fasetan egituratuta egongo da: martxotik ekainera bitartean, feromonadun tranpak instalatuko dira; martxoan eta apirilean dutxa intsektizidak aplikatuko dira, eta apiriletik abuztura bitartean, landare endoterapiako tratamenduak aplikatuko dira”.
“Gurgurio gorriaren aurkako borrokaren erronka nagusietako bat haren biologia da”, udalak azaldu duenez: “Intsektuak bere bizitza zikloa –hau da, arrautza, larba, pupa eta heldu faseak–, palmondoaren barruan egiten du; eta horrek zaildu egiten du intsektu hori antzematea, harik eta kalteak larriak diren arte. Intsektu horren larba fasea da suntsitzaileena: fase horretan, zuhaitzaren egitura ahultzen duten barne galeriak zulatzen ditu. Horrez gain, kontuan hartu behar da intsektu horiek taldeka jarduten dutela eta hainbat kilometro hegan egiteko gaitasuna dutela; ondorioz, izurritea azkar zabaltzen da”.
Tratamendu koordinatuak
Udalak ohartarazi duenez, gurgurio gorria erabat desagerraraztea ez da bideragarria epe laburrean, eta, beraz, “estrategia eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da palmondoen jabe pribatuak ere inplikatzea, hiriko palmondoen hain handi bat espazio partikularretan kokatuta baitago”.
Horregatik, udalak herritarrei aukera emango die palmondo pribatuetan tratamenduak koordinatzeko, era horretan, “udalerri osoan jarduera homogeneoa bermatzeko”. Interesdunek informazioa eska dezakete eta protokoloari atxiki, 943-48 10 60 edo 943-48 16 47 telefonoetara deituz edo juanm_odriozola@donostia.eus helbide elektronikora idatziz.



