Haurtxoko eta Gaztelekuetarako behar berezietarako aurrekontua igo du udalak
Martuteneko haur txokoa.Donostiako Udala Donostiako Udalak atzo onartu zituen “haurren eta gazteen bizi kalitatea babesteko eta hobetzeko” hainbat izapide ere. Alde batetik, udalak % 20 handituko du Haurtxoko eta Gaztelekuetako behar berezien zerbitzuari dagokion aurrekontua.
Aurrekontu aldaketa horren bidez, urtean 120 ordu gehiago eskaini ahal izango dira udal sarea osatzen duten hamaika zentroetan horrelako premiak dituzten haurrei zerbitzua eta arreta eskaintzeko.
Bestalde, Oporrak bakean programaren beste edizio bat onartu da, uztailean eta abuztuan Tindoufen (Aljeria) errefuxiatutako haur sahararrak hartzeko. 46.000 euro bideratuko dira adingabe horiek “kanpamenduetan dituzten bizi baldintza gogorrak ahal den neurrian arintzeko, Donostiako herritarrak errealitate horretara hurbiltzeko eta senidetutako bi udalerrien arteko harremanak estutzeko”.


