Ibaetan prest daude Korrikarako
Ibaetako hainbat auzokidek Korrikaren aldeko horma irudia egin dute aurten ere.Ibaetako jai batzordea Korrika heltzear den bakoitzean egiten duten moduan, aurten ere euskararen aldeko horma irudia egin dute Ibaetan hainbat auzokidek, 24. Korrikaren testuinguruan. Goiko argazkian ikus daitekeenez, koloretsua da margotu duten horma irudia, Korrikako iruditeria du eta Ibaetan euskara gara leloa dauka idatzita.
24. Korrika bihar (hilak 19) hasiko da, Atharratzetik (Zuberoa). Hilaren 29ra arte, Euskal Herri osoa zeharkatuko du euskararen aldeko egitasmo erraldoiak, eta asteazkenean (hilak 25) helduko da Donostiara. Hain zuzen ere, goiz osoa pasatuko du hiriko kaleetan barrena, eta 12:30ak aldera sartuko da Ibaetan.
Ibaetako jai batzordeko kideek, ordea, ez dute asteazkenera arte itxaron beharko Korrika bizitzeko, izan ere, ohiko legez, kilometro bat erosi dute Donostiatik kanpo: Arguedasen (Nafarroa) hartuko dute lekukoa larunbat honetan (hilak 21), “Erriberako euskaltzaleekin batera”, nabarmendu dutenez.


