Miguel Berzosaren lana, Ilustratzailearen Txokoan ikusgai
Miguel Berzosa artistaren ilustrazio bat.Donostia Kultura Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoak 2012an ateak ireki zituenetik, euskal ilustratzaile klasiko zein garaikide ugari igaro dira bertatik. Besteak beste, Iban Barrenetxea, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga edo Leire Urbeltz. Oraingoan, Miguel Berzosaren txanda izan da.
Miguel Berzosa (Donostia, 1945) marrazkilari eta margolaria 1970eko hamarkadan hasi zen profesionalki lanean Erein argitaletxearekin. Garai hartan sortu zuen Mintxo pertsonaia ezaguna (Ipurbeltz aldizkarian argitaratua), eta bere ibilbidean zehar, hainbat lan nabarmen egin ditu, hala nola Iparragirreren eta Elkanoren biografiak edo Amaia, vascos del siglo VIII eleberriaren egokitzapena. Argitaletxe askorekin aritu da lanean, eta bere lanak Europan ez ezik, Estatu Batuetan, Asian eta Latinoamerikan ere argitaratu dira.
Ikusteko aukera
Erakusketa martxoaren 18tik ekainaren 7ra bitartean egongo da ikusgai, Aieteko kultur etxean, eta ordutegia honakoa izango da: asteartetik ostiralera 16:00etatik 20:30era egongo da zabalik; larunbatetan goizez eta arratsaldez, eta igande goizetan. Astelehenetan eta jaiegunetan itxita egongo da, eta Aste Santuan ordutegi berezia izango du: apirilaren 2tik 5era, itxita; gainontzeko egunetan, 10:00etatik 14:00etara bitarte, irekita.


