Aieteko Institutuaren aldeko sinadura bilketa abiatu dute
Aiete Institutua Bai kolektiboko zenbait kide, astelehenean, Lantxabe auzo elkartearen bulegoan egindako bileraren ondoren. Maitane Aldanondo Aieteko Institutua Bai kolektiboak sinadura bilketa abiatu du Change.org plataforman. Helburua 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoen hezkuntza jarraipena bermatzea da, beren auzoan bertan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) publikoaren eskaintzarik ez izateak, auzoko nerabeak hainbat institututan banatzera behartzen ditu, ondorioz, sendotutako taldeak hausten dira, baita joan-etorri eta ahalegin gehigarriak eragin ere. Agintariei eskatu diete “premiaz” azter dezatela eskaera hori, eskari demografikoari ez ezik, komunitatearen kohesioari eta garapenari eusteko beharrari ere erantzuten baitio. Lehen egunetan, 600dik gora lagunek izenpetu dute eskaera.
Aiete Ikastetxeko zuzendaritzak, guraso elkarteak, Eskola Kontseiluko gurasoek eta Lantxabe auzo elkarteak osatutako taldeak hilabeteak daramatza DBH ikastetxe publikoa eskatuz. Urtarrilean, eskaera formala egin zion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, besteak beste, hurrengo aurrekontuetan txertatu eta Euskal Eskola Publikoaren Plan Estrategikoan lehentasunezko ekimen gisa jaso dezan.


