Baionako Aviron eta Arroxela errugbi taldeak Anoetan lehiatuko dira
Baionako Avironek Anoetan jokatutako partida baten artxiboko irudia.Reala Donostiako Anoeta estadioan jokatuko da Frantziako Top14 errugbi txapelketako Baionako Avironen eta Arroxelaren arteko partida, hurrengo asteburuan. Zehazki, hilaren 28an izango da, 21:00etan, eta 16:00etatik errugbi giroa egongo da estadioaren inguruan, klub lapurtarrak bere zaleentzako gunen bat jarriko baitu bertan. Partidarako sarrerak hemen daude salgai.
Bestalde, zelaiaren barruan ere jarduerak antolatu dituzte, partidaz beraz gain: bertso saioak Anaiak eta Oinkari Dantza Taldeak lagunduta eta Kalakan taldearen ikuskizuna partidaren atsedenaldian, hain zuzen ere.
Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kiroletako zinegotziaren ustez, “partidak hartzeak Donostiaren kirolaren hiri izaera indartzen du”. Era berean, Baionako Avironeko presidente Philippe Tayebe “oso pozik” agertu da neurketa Anoeta jokatzearekin: “Ekitaldi honek gure lurraldeak eta kulturak batzen dituzten lotura estuak gorpuzten eta indartzen ditu, partekatutako pasio baten inguruan, errugbiaren inguruan”.
Ildo beretik, udalak gaineratu duenez, “partida hauek egiteko Donostiaren eta Baionaren arteko lankidetzak ikuspegi partekatu bat islatzen du: errugbia Hegoaldeko eta Iparraldeko eskualdeen arteko kultura, kirol eta erakunde hurbilketarako bitarteko bihurtzea, aldi berean euskal errugbiaren nortasuna eta balioak sustatuz”.
Errugbi eskolak
Goi mailako errugbiaren zita probestuz, Gipuzkoako Errugbi Federazioak eta Donostiako bi errugbi klubek —Bera Bera eta Donostiako Atletiko—, errugbi eskolen arteko txapelketa bat antolatu hamasei talderen parte hartzearekin. Partidak Donostiako Atletikoren Aieteko zelaian eta Puioko udal zelaian jokatuko dituzte, hilaren 28an, 12:30etik aurrera.
Bera Berako eta Donostiako Atletikoko taldeek, Hernani errugbi klubak, Kataluniako Unio Sportiva Santboianak, San Sebastian de los Reyesko Sanse Scrumek, Baionako Avironek eta Arroxelak hartuko dute parte errugbi eskolen txapelketan, eta 300 parte hartzaileek doan sartu ahal izango dute Anoetako partida handira.


