Etxebizitza eskasiaren arazoari aurre egiteko hiru adibide historiko
Euskadiko Arkitektura Institutuan ikusgai dagoen erakusketako arduradunak, aurkezpenean.Mikel Blasco Zein izan zen arkitektura eta biztanleen erantzun partekatua etxebizitza gabeziaren aurrean testuinguru politiko historiko ezberdinetan? Galdera horri eta beste batzuei erantzuten die Euskadiko Arkitektura Institutuan (EAI) atzo ateak zabaldu zituen Hiria, lehian. Europa hegoaldeko etxebizitza sozialen inguruko esperimentu kolektiboak (1949-1976) erakusketak. Ekainaren 14ra arte bisita daiteke, eta bai arkitektura oinarrietatik bai komunitateetatik abiatuta, etxebizitza eskasiaren arazoari beste garai eta leku batzuetan sortutako esperientziak biltzen ditu: gerraosteko Italiako berreraikuntza neorrealista, Madril frankistako poblados dirigidos izeneko auzoak, eta Portugalen Krabelinen Iraultzaren ondorengo SAALen esperimentuak (Serviço de Apoio Ambulatório Local: Tokiko Laguntza Ibiltarirako Zerbitzua).
Jatorrizko zenbait edukirekin batera, hala nola Apirilaren 25eko Dokumentazio Zentroaren eta Marques da Silva Fundazioaren maketak eta kartelak, 30 erakunde baino gehiagok kontserbatutako piezen erreprodukzioek osatzen dute bilduma. Hilaren 18an egindako aurkezpenean, Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendari Jose Angel Medinak adierazi zuen erakusketa bereziki egokia den une batean iritsi dela: “Etxebizitzaren egungo krisia kontuan hartuta, oso egokia da aztertzea nola, iraganeko larrialdi egoeretan, estatu-eredu desberdinek irtenbide anitz sortu zituzten, ikuspegi kolektiboan oinarrituta”.
Etxe sozialak eta auzolandegiak
EAIko bi areto hartzen ditu erakusketak. Horietako bat Italiako eta Espainiako testuinguru historikoari dagokio, bigarrena, berriz, Portugali buruzkoa da. Izan ere, SAAL prozesuari protagonismo handiagoa eman nahi izan diote, proposamenen artean “erradikalena eta ezezagunena” baita.
Italian, gerraosteko Erroman eta INA-Casa Planean (1949-1963) jarri dute fokua. Batetik, borgate ufficiali delakoak ageri dira, Mussoliniren faxismoak hiriaren erdigunetik kanporatutako komunitateei ostatu emateko Erromako hiri bazterretako etxebizitza multzoak, eta bestetik, XX. mendeko Europa hegoaldeko etxebizitza sozialen lehen plan handia izan zen INA-Casak ekarritako paradigma aldaketa, arkitektura neorrealismoaren iruditeria herrikoiari lotutako formen laborategi bihurtu zuena.
Espainiari dagokion eremuan, aldiz, 1950eko hamarkadako Madril frankistan sortutako herrixkak ikus daitezke. Pieza nagusia mosaiko bat da, Madrilgo Hiri Antolaketarako Komisaldegiaren sasi-etxebizitzen erroldako hainbat fitxarekin egina. Horrek erakusten duenez, erregimenak txabola herri horien inguruan zuen kezkak lotura handiagoa zuen biztanleriaren kontrol moralarekin, populazio metaketekin edo osasunarekin baino. El Pozo del Tío Raimundoren kasuak — egungo Entrevias auzoa — erakusten du Aita Llanosen iritsierak autokudeaketa eta esperimentazio kolektiboko prozesu bat bultzatu zuela, biztanleen bizi baldintzak hobetu zituena. SUT Lanaren Unibertsitate Zerbitzuak 14.000 ikasle inguru mobilizatu zituen 1950 eta 1969 bitartean 500 auzolandegi baino gehiagotan.
Erakusketaren zati honetan jasotako dokumentazioa Lanaren Unibertsitate Zerbitzuaren Lagunak elkartearen herritarren lanari esker berreskuratu da. Hala, elkarte honetako kideekin erakusketaren inguruko topaketa bat egingo da ekainaren 3an, erakusketa ixteko antolatu den programaren barruan.
Esperimentazio gune
Portugali eta SAAL eskainitako gunean, Krabelinen Iraultzaren ondoren, 1974ko abuztuan, Portugalgo behin-behineko gobernuak sortutako programa ezagut daiteke. Porto bezalako hirietan, etxebizitza gabezia arazo larriak zituzten komunitateei lagundu zien proiektuak, eta XX. mendeko Europako arkitekturaren historian herritarren parte hartze esperimentu erradikalenetako bat izan zen. 26 hilabeteko epean 40.000 seniderentzako 170 etxebizitza proiektu baino gehiago eraikitzera iritsi zen SAAL programa. Etxebizitzarako eskubidearen aldeko manifestazioei lotutako kartelak eta pankartak ikusi daitezke erakusketan, baita SAAL-eko brigadisten aktak, txartelak eta pegatinak eta prozesu horren liburu zuria.
Azkenik, SAALen amaiera azaltzen duen epilogo bat ixten du erakusketa. Mugimendua oro har bukatu egin bazen ere, Portoko auzorik xumeenetako batean iraun egin zuen, eta bertan, Elvira Leite artista eta pedagogoak, komunitate horretako haurrekin proiektu esperimental bat hasi zuen. Proiektu horrek bi urte inguru iraun zuen, eta bertan kalean egiteko proposamen kolektiboak planteatzen ziren, oso baliabide gutxirekin eta imajinazio handiarekin. Espiritu hori bera izango dute ardatz maiatzaren 23an eta ekainaren 13an egingo dituzten Express yourself tailerrek.
Programa osagarria
Erakusketarekin batera, familiei eta berezitutako publikoari zuzendutako jarduera programa bat ere prestatu dute. Batetik, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei, familiei eta helduei bideratutako bi tailer egingo dituzte
Apirilaren 18an eta 25ean, Rafael Leoz arkitektoaren Hele moduluaren aukera konbinatorioak aztertuko dituzte. Modulu hori 1960ko hamarkadan Espainian garatutako eraikuntza modularrari buruzko ikerketa bat da, etxebizitza soziala industrializatzea bilatzen zuena, aldakortasun espazialari uko egin gabe.
Maiatzaren 23an eta ekainaren 13an, Express Yourself tailerrek kartelak, pankartak eta paskinak modu kolektiboan ekoiztera gonbidatzen dute, SAALen errebindikazio espiritua eta Elvira Leite artista eta pedagogoaren figura erreferentziatzat hartuta.
Jarduera doakoak eta elebidunak izango dira eta 11:30etik 13:00etara bitartean aurrera eramango dituzte. Izena eman behar da edu@eai.eus helbidera idatzita.
Horrez gain, erakusketaren edukiekin lotutako hitzaldi ziklo bat ere gauzatuko du maiatzaren 6tik ekainaren 3ra bitartean. Hizlariei eta gaiei buruzko xehetasunak laster iragarriko dituzte www.eai.eus webgunean.


