Indarkeria arrazista salatzeko egitasmoa antolatu dute larunbaterako Donostian
Arrazakeriaren aurkako Donostiako mobilizazio bateko artxiboko irudia.Nerea Lizarralde Larunbat honetako Arrazakeriaren Aurkako Egunaren bueltan (martxoak 21), Gipuzkoako Plataforma Antirrazista sortu dute pertsona migratzaile eta arrazializatuen hainbat elkarte eta kolektibok, eta arrazakeriari aurre egiteko jarduerak antolatu dituzte larunbaterako, Donostiako Bulebarrean. “11:00etatik 13:00era, Bulebarrean, pairatzen ditugun indarkeria arrazista askotarikoak salatuko ditugu, salaketa ekintzen, memoriaren, txikientzako jardueren, zuzeneko irratiaren eta elkarretaratzearen bidez”, azaldu dute.
Hain zuzen ere, 11:00etatik 12:30era, zuzeneko irratsaioa egingo dute Bulebarretik, horren bidez “indarkeria arrazista” salatzeko. Ondoren, 12:30etik 13:00etara, elkarretaratze antirrazista egingo dute, han bertan.
Nabarmendu dutenez, “martxoaren 21aren inguruan espazio politiko propio eta bateratu bat izateko beharretik abiatuta” sortu dute plataforma. “Gure leloa Komunitate antirrazista eraikitzen da, erdigunean baitago elkarteen eta kolektiboen arteko harremanak eta babesa ehuntzea, autoerrepresentaziotik eta autonomiatik abiatuta”, gaineratu dute.



