Itziar Agirre Sagasetak irabazi du Donostia Kultura Poesia Lehiaketa
Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean antolatutako lehiaketa irabazi du nafarrak.Gorka Rubio/Donostia Kultura Poesialdia jaialdiaren barruan, Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren aurtengo sariduna ezagutarazi zuten atzo. Sariketaren bederatzigarren urte honetan, Itziar Agirre Sagaseta (Donamaria, 2001) izan da irabazlea Orain zuk honekin egin nahi duzuna lanagatik. Nafarrak Bioteknologia gradua ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta ondoren, Biomedikuntza masterra Bartzelonako Unibertsitatean. Egun, Irakasletza masterra egiten ari da eta euskara irakasle da Iruñeko Arturo Campion IKA euskaltegian. 2022an egile berrientzako XXXII. Literatura Lehiaketan aipamen berezia jaso zuen Sartu ez dena ezin atera lanagatik.
Donostia Kultura eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean antolatua, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte azpiko idazleen lanari bultzada ematea xede du. 1.000 euroko sari ekonomikoaz gain, Agirre Sagasetak Imanol Larrinagaren margolan bat jaso du; eta Balea Zuria argitaletxeak idazlana argitaratuko du. Halaber, ekainean egingo duten Poesia eta Pentsamendua saioan poemak errezitatu ahalko.
Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Eli Tolaretxipi epaimahaikideen ustez, “lan koherentea eta orekatua da, baina arriskurako joera ere erakusten du zenbait irudi eta joskeretan. Paisaiak eta naturak pisu handia hartzen dute bilduman, protagonista eta ahots propio bihurtzeraino. Gogoetatik eta begirada pausatutik abiatzen da sentikortasun handiz, eta intimotasunaren eta ingurunearen arteko tentsioa azaleratzen du, denbora eta gorputza bezalako gaietan maisuki sakonduz”. Finalista izan den Letrak, etzanez lana ere nabarmendu zuten, “kalitate handikoa hau ere”.


