Uberrek ezin ditu hiri barruko zerbitzuak eskaini, udalaren arabera
Uber ibilgailu bat. Donostiako Udalak, azterketa juridiko bat egin ostean, ondorioztatu du Uber ibilgailu gidaridunek (IG) ez dutela baimenik hiri barruko zerbitzuak emateko —hasiera eta amaiera Donostian dutenak—, eta soilik hiriarteko zerbitzuak eman ditzaketela —hasiera udalerri batean eta amaiera beste batean—, “indarrean dagoen araudiaren arabera”. Horrela, araudia betetzeko eskatu dio udalak nazioarteko enpresari, baita ohartarazi ere ez betetzeen aurrean esku hartuko duela: “Donostia ordena hiria da eta legea betearazten zaie guztiei”, adierazi du Jon Insaustik alkateak.
Udalaren arabera, indarrean dagoen arau esparruak “argi eta garbi bereizten ditu hiri garraioa eta hiriartekoa”, bai eta kasu bakoitzean eskumena duten administrazioak ere: “Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legeak (LGAL) estatu mailako IG delakoen baimenak eta horien zehapen araubidea arautzen ditu, eta foru aldundiak dira, praktikan, baimen horiei lotutako arau hausteak emateko eta zehatzeko eskumena dutenak. Estatuaren baimena duten IG-en kasuan, baimena eman duen administrazioari dagokio zehatzeko eskumena, zerbitzua zein lurraldetan eman den kontuan hartu gabe. Euskal Autonomia Erkidegoko araudiak erkidegotik igarotzen den garraioa arautzen du, eta udalei esleitzen dizkie hiri garraioaren arloko eskumenak, bereziki gaitasuna ematen duen titulurik gabeko zerbitzuei dagokienez”.
Donostiaren kasuan, jarduten ari diren IG baimenak Bizkaiko Foru Aldundiak eman ditu, eta, beraz, udalak espero du “Bizkaiko Foru Aldundiak ofizioz jardutea, bere zehapen eskumenak erabiliz, hautemandako ez betetzeen aurrean”.
Taxien Batzordea
Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak, beste udalerri batzuetako ordezkariek, taxien sektoreak eta erabiltzaileen ordezkariek osatzen dute Taxien Batzordea, eta udalak “ezinbestekotzat” jo du, Uberren aferaren harira, batzordea martxan jartzea, “diagnostikoa partekatzeko eta egoera berriaren aurrean jarduteko irizpide komunak zehazteko”. Batzordea biltzeko deialdia, hala ere, aldundiak egin behar du.


