Zer plan astebururako Donostian?
Xiberoots taldea. Donostian asteburua aprobetxatzeko plan bila bazabiltza, gure agendan kultur eta aisialdi jarduera aukeraketa zabala aurkituko duzu. Era berean, ez ahaztu, 24. Korrikaren testuinguruan, Korrika Kulturaleko hamarnaka jarduera antolatu dituztela auzoetan; hemen dituzue guztiak. Horrez gain, egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizuegu jarraian.
Ostiralean (hilak 20), Tabakalerara joatea da gure proposamena, izan ere, Bizi ala Iraun zikloaren barruan, Gregotechno elektronika taldeak joko du bertan 20:00etan. Sarrerak hemen daude salgai, 18 euroan.
Larunbatean (hilak 21), reggae eta rap zaleentzako kontzertu apropos bat gomendatuko dugu: Xiberoots, Maloa Brothers eta OEP arituko dira Intxaurrondo Kultur Etxean, 21:00etan. Sarrerak hemen daude salgai.
Azkenik, igandean (hilak 22), asteburua ixteko, Altxerrira gerturatzea proposatuko dizugu, Alvaro Gaviria eta Paul San Martin blues musikari donostiarrek kontzertua emango baitute bertan 20:00etan. Sarrerak han bertan egongo dira salgai, 5 euroan.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan bat ere daukazue hemen: Adimen artifiziala, begirada kritiko batetik hitzaldia emango du Usue Mori Carrascal matematikariak asteartean (hilak 24), Emakume zientzialarien argitan solasaldi zikloaren barruan, Ernest Lluch Kultur Etxean, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da.


