Apirilaren 18an ospatuko dute Euskal Jaia, Altzan
Altzako giza proba, 2025eko sanmartzialetan.Asier Gonzalez de San Pedro Apirilaren 18an, Altzak hitzordu berezi bat izango du: Euskal Jaia. San Martzial plaza musikaz, tradizioz, sagardoz eta giro apartaz beteko da, eta herritar zein bisitari guztiak gonbidatu dituzte egun osoan zehar antolatutako ekintzez gozatzera.
Egitaraua goizean hasiko da, 11:00etan udaletxean egingo duten Altza eta Sagardoaren erakusketarekin. Ondoren, 11:30ean, gazteen pilota partida jokatuko da Altzako frontoian. 12:15ean, Herri Ametsa ikastolako dantzariek euskal dantzak eskainiko dituzte San Martzial plazan, eta 13:00etan, Altza Kantuz taldearekin batera kantujira egingo dute herriko kaleetan barrena.
Arratsaldean ere ez da faltako jarduerarik: 16:00etan giza proba egingo dute probalekuan, eta 17:00etan bolo lehiaketa, bolatokian. 18:00etatik aurrera, Sagardo Eguna ospatuko dute, eta giroa alaitzeko, Donostiako Musika Eskolako trikitilarien laguntza izango dute.
19:00etan plaza dantzak izango dira protagonista, eta 20:00etan egunari amaiera bikaina emango dio Xabi Solanoren kontzertuak. Kirol zaleek ere badute hitzordua: 21:00etan Errege Kopako finala ikusteko aukera egongo da.
Azkenik, eguna borobiltzeko, 23:00etan DJ Txetek jarriko dio azken erritmoa jaialdiari.


