Astelehenean hasiko da 'Crossover' jaialdia
Nagore Aranburu aktoreak bere ibilbidea gainbegiratuko du Gaizka Izagirrerekin, jaialdian grabatuko duten 'Klaketa' podcastaren atalean.
Nagore Aranburu aktorea.Txintxua Aldundiak eta Kultur Factory kultur agentziak elkarlanean antolatutako Crossover jaialdia bueltan da. Bederatzigarren aldia da aurtengoa, eta datorren astelehenetik larunbatera, hilaren 23tik 28ra bitartean, aurrera eramango dute Santa Teresa Komentuan dagoen Koldo Mitxelena Kulturunean eta Tabakaleran.
Aurreko urteetan baino estreinaldi gehiago izango dira aurten. Hala, SkyShowtime plataformak Under Salt Marsh, HBOk Ravalear, Movistar Plus+ek Yo siempre a veces eta Por cien millones, Prime Videok Cochinas eta Atresplayer-ek La nena —La novia gitana eta La red púrpura telesaiekin hasitako trilogiaren amaiera—telesailen atalen bat ekarriko du. .
Elkarrizketak jaialdiaren ikurretako bat dira, horietan, telesailen munduaren eta gizartearekin duten harremanaren hainbat alderdi aztertzen dituzte. Lehena Klaketa podcastaren programa berezi baten grabazioa izango da. Euskal ikus-entzunezkoei buruzko podcast bat da, Gaizka Izagirrek zuzendua. Nagore Aranburu aktore azpeitiarra eta Fariba Sheikhan aktorea elkarrizketatuko ditu, bien ibilbidea gainbegiratuz.
La conjura del fascismo izenburupean, berriz, El orden mundialeko analista eta zuzendariorde Blas Morenok aztertuko du totalitarismoei buruzko telesailen ugaritzeak alarma-seinale izan beharko lukeela gaur egungo testuinguruan. Ildo beretik, La fascinación por el crimen saioan, Patricia Peiro kazetariak eta Carlos Quilez kazetari eta idazleak aztertuko dute krimen-serieek ikusleengan pizten duten lilura, euren azpigenero guztietan.
Atal honetan ere Tamara ta Mara telesailari lehen begirada bat eskainiko diote. Primeran-ek ekoitzia, solasaldian, Ainhoa Artetxek, Ainhoa Etxebarriak, Gorka Garciak, Ane Rotaetxek eta Larraitz Zuazok hartuko dute parte. Streaming Aroa elkarrizketan, berriz, Katixa Agirrek, Urtzi Urkizuk eta Kristina Zoritak aztertuko dute azken hamar urteetan ikus entzunezko edukiak kontsumitzeko interesak nola aldatu diren, streaming plataforma handien atzean zer dagoen eta entretenimendu erraldoi horiek nola funtzionatzen duten.
Azkenik, Serie Hablada: Oasis saioan, azken hamarkadetan Espainian arrakasta handiena izan duten telesail batzuen arduraduna den Gema R. Neira eta etorkizun handiko Ana Garces aktore gaztea solasaldian arituko dira euren ibilbideei buruz eta eta serie bat sortzeko prozesuak dakartzanari buruz. Saioa Tabakalerako Serie Hablada zikloaren parte da.
Ikusle gonbidatua atalean arlo desberdinetako pertsonek, ikusle gisa, telesailen fenomenoaren inguruan duten ikuspegia kontatzen dute. Oraingo honetan, bost saio izango dira eta guztietan emakumezkoak izango dira protagonista: Aizpea Goenaga, Edurne Azkarate, Lucia Baskaran, Sara Azurza eta Ainara Azpiazu Axpi.
Aurtengo berritasunetako bat lehenengoz egingo duten kontzertua izango da. Elensky pianistak Anime al piano emanaldia eskainiko du, telesail ezagunen soinu banden hautaketa bat interpretatuz.
Egitarau osoa jaialdiaren webgunean ikusgai dago.


